Herritarren artean ilusioa sortzeko asmoz, Artxila Murtxila hitz magikoak etengabe erabiliko ditu Txan Magoak (Xanti Antero, Donostia, 1963) larunbat honetan, Aritzbatalde kiroldegian. Txantxetan izeneko ikuskizuna taularatuko du, 17:00etatik aurrera, eta sarrera dohainik izango da. Hona hemen biharko alean argitaratuko den elkarrizketaren aurrerapena:
Errege Magoen ondoren zatoz Zarautzera. Zuk erregetik gutxi duzu, baina haiek magotik ere ez asko!
Kar-kar! Izenez naiz magoa, baina niri gehiago gustatzen zait ilusionista deitzea. Asko ezagutu ez arren, adiera egokiagoa dela uste dut. Magia trikimailuekin lotzen da, eta jendea harrituta uzten du. Ilusioak, bien bitartean, bihotzean geratzen da, eta askoz ere zailagoa da ahanztea.
Orduan, izen artistikoa berriro aldatu eta Txan Ilusionista deitzen hasi beharko litzaizuke?
Oraingoz, ez. Aurrerantzean ere Txan Magoa izenarekin jarraituko dut, baina ilusionista hitza askoz handiagoa eta beteagoa da, zalantzarik gabe.
Eta zer ilusio ekarriko diezu larunbatean herriko haurrei?
Herriko haurrei eta, oro har, herritar guztiei. Ez zait gustatzen nire ikuskizuna haurrentzako bakarrik mugatzea. AskotanTxan Magoa haurrekin lotzen da, baina eskaintzen dudan magia adin guztietako jendearentzat da. Guraso askok euren seme-alabak ekartzera etortzen dira, eta saioa hasi eta berehala benetako magia egiten dudala konturatzen dira, guztiz txundituta. Agian, sekulako topikoa esango dut, baina guztiok dugu gure barruan ume bat eta polita da noizbehinka konturatzea ume horrek hor jarraitzen duela. Guztiok barruan daramagun umea ateratzeko tresna egokia da magia.
Betiko trikimailuak, berriak… Zer-nolako ikuskizuna eskainiko duzu?
Gaur egun hiru ikuskizunekin nabil lanean. Zarauztik deitu ninduenean, hirugarren ikuskizuna oraindik lantzen ari nintzen eta bukatzeko neukan. Beraz, Txantxetan bigarren lana aurkeztekotan geratu ginen. Hala eta guztiz ere, Ezer ez da dirudiena hirugarren laneko zatiak ere txertatuko ditut; hau da, bien nahasketa moduko zerbait taularatuko dugu.