Motondo eremuan padura sor dadin proposamen zehatzak egin ditu Aranzadik

Ane Olaizola 2012ko urtarrilaren 4a

Aranzadi Zientzia Elkarteak Motondo eremuan berreskuratze proiektua abiatu du, bertan padurak sor daitezen. Lehenengo fasea dagoeneko amaitzear du elkarteak, eta pasa den astean, Biodibertsitatearen Egunean, aurkeztu zuen orain arte egindako lana. Hainbat proposamen plazaratu zuen Aranzadi Elkarteko Botanika Saileko Leire Oreja biologoak. Proposamenen artean, Motondo eremuan dagoen zelaia eta basoa mantentzea eskatu du elkarteak besteak beste, putzu batzuk eginez.Era berean, gainontzeko eremuaren inguruko proposamenak ere egin dituzte. Orejak adierazi duenez, eremua egun dagoen bezala, urak ezin du bertara sartu. Beraz, gunea ireki nahi du elkarteak, itsasoko marearen bidez ura sar dadin, eta hala hezeguneak berreskuratzeko helburuz. Bioaniztasuna sustatu Orejaren arabera, Motondoko baliabideak «kontserbatu eta berreskuratu» nahi dituzte. Horretarako, ikerketa bat abiatu zuten pasa den ekainean. Eusko Jaurlaritzak Orioko Udalari diru-laguntzak eman zizkion Motondoko berreskuratze plana aurrera eramateko, eta horren barruan egin du Aranzadik azterketa; bitarte horretan, elkarteko disziplina anitzeko taldeek ingurune fisikoa eta natur elementuak aztertu dituzte. Bertan, Motondoko «dinamismoa, itsasoko marearen eraginak eta lurzoruko katak» egin dituzte. Horrez gain, landareak eta animaliak aztertu dituzte. «Talde bakoitzak bertako balioak ikertu ditu, eta jasotako datuekin zerrenda osatu du. Horrela, egun eremuan dauden baliabideak eta egon beharko luketenak uztartu ditugu. Horietatik abiatuta egin ditugu proposamenak, Motondon ahal den bioaniztasun handiena egon dadin», adierazi du biologoak. Izan ere, Orejak adierazi du Motondo eremua «aldatuta» dagoela, baina bertan egon beharko luketen habitatak ere badaudela. Eta horiek «kontserbatu» beharra nabarmendu du. «Motondon dagoen haltzadia gainontzeko Oria osoan ez dago. Motondokoak urte asko dituzte, eta zabalera handia dute. Beraz, hori mantendu behar da». Bideragarritasuna aztergai Aranzadi elkarteak diagnosia egin du lehen fasean, eta orain bigarren fasea hasiko dute orain. Exekuzio proiektua idatziko dute. Hau da, egin dituzten proposamenak «bideragarriak» diren edo ez ondorioztatuko dute. «Ez dakigu egindako proposamenak gauza daitezkeen. Beraz, exekuzio proiektuaren bidez ahal den biodibertsitate gehien lortzen saiatuko gara». Hori amaitutakoan, proiektua gauzatu egingo dute. Erakusketa, kultur etxean Aranzadik hitzaldia eskaintzeaz gain, Motondoren inguruko erakusketa ere zabaldu dute Orioko kultur etxean. Herrio Natur Taldeak azken urteetan ateratako hogeita hamar argazki inguruk osatzen dute erakusketa. Irudi guztiek Motondoren egungo egoera islatzen dute. Izan ere, euriteekin eremua urez estaltzen da, argazkieta agertzen den moduan. Erakusketaren bidez, Herrio taldeak Motondo «berreskuratu» egin behar dela berretsi du. «Motondok, egun ez du berezko izaera. Haltzadiak, esaterako, balio handia du berez, baina azken urteetan zabor asko bota dute,gutxitu egin da haren balioa. Beraz, etorkizunera begira ahal den gehien berreskuratu behar dugu», diote kideek. Argazkiak goiz eta arratsaldez ikus daitezke, urtarrilaren 12ra bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide