Herriko sarreretatik eta udal eraikinetatik ETAren aurkako kartelak kentzen hasi dira

Zarauzko Hitza 2012ko urtarrilaren 4a

Herriko bi sarreretan eta eraikin publikoetan dauden Heriotz zigorrik gabeko herria, ETA ez eta Giza eskubideen eta elkarbizitza baketsu baten alde, ETA ez dioten kartelak kentzea erabaki du Zarauzko Udalbatzak. Bildu, EAJ eta Aralar-EB udal taldeek aurkeztu zuten horren inguruko mozioa pasa den abenduko plenoan, eta gehiengoz onartu zuten, aipatu alderdietako ordezkarien aldeko botoekin. PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten. Kartelak kentzea «hasi berri den garaiaren erakusle» dela nabarmendu zuten: «Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearen alde lan egiteko garaia da, bakoitzak bere eremutik eta ahal duen ekarpena eginez. Gatazkaren oinarri diren euskal nazioaren aitortza eta honek duen erabakitzeko eskubidearen alde tinko aritzeko unea da oraingoa, lehenagoko formula zaharrak alboratuz, eta helburu berarekin elkarlanean arituz». Hiru alderdien arabera, kartelok bere horretan mantentzea «alboratu beharreko formula zaharra» da. Ildo horretatik, Donostian, Lasarten eta Irunen egin duten moduan, kartelok herriko sarreretatik eta udal eraikinetatik kentzea proposatu zuten Bilduk, EAJk eta Aralar-EBk. Pasa den astean kendu zituzten herriko bi sarreretako kartelak; gainontzekoak atzo eta gaur bitartean kenduko dituzte. «Goizegi da» PSE-EE eta PP alderdiak ez ziren bat etorri eskaerarekin, eta kontra bozkatu zuten. PSE-EEko bozeramaile Patxi Elolak jakinarazi zuenez, «goizegi» da kartelok kentzeko: «Presazko gaia balitz bezala aurkeztu dute. Iritsiko da garaia, baina aurrez beste pauso batzuk eman behar dira». Haren esanetan, kartelek «biktimentzat eta ETAren kontra borroka egin dutenentzat esanahi berezia» dute. Ildo horretatik, «aurrez egin duten bezala», ETA gaitzesteko eta haren biktimak aitortzeko eskatu zion Bilduri; «biktimen aldeko keinu bat egiteko», alegia. Izan ere, Bildu kontraesanean erori dela esan zuen Elolak: «Giza eskubideen aldeko eta ETAren aurkako kartelak kentzeko prest azaldu da, baina gerora, [Joxe Mari Perez] Txuri-ren aldeko kartelak jartzeko baimena eman du». PPko bozeramaile Rafa Olaizolak bat egin zuen Elolaren arrazoiketarekin: «ETA ez da desagertu, eta ez ditu armak utzi. Ez da gauza bat esan eta bestea egiten duen lehenengo aldia». Hori dela eta, kartelok kentzeko «goizegi» dela nabarmendu zuen. Bestalde, kartelok «inori kalterik ez» diela egiten gaineratu zuen. Erabaki aurretik, eztabaida PSE-EEk eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten abenduko plenoan, hondakinen bilketa sistemaren eta udal aurrekontuen inguruan, hurrenez hurren. Hondakinei dagokionez, PSE-EEk «bilketa sistemari buruzko erabakiren bat hartu aurretik, eztabaida demokratiko bat izan, eta udalbatzak adosten duena errespetatzeko konpromisoa har dezala» eskatu zion. Horrez gain, «gai horren inguruan udalbatzari datu guztiak jakinaraztea» proposatu zion alderdi sozialistak. Mozioa gehiengoz onartu zuten, PSE-EEren, PPren eta EAJren aldeko botoekin. Emaitza bera izan zuen EAJk aurkeztutako mozioak; gehiengoz onartu zuten udal ordezkariek. Alderdi jeltzaleak «2012ko aurrekontuekin batera, agintaldirako kudeaketa plana adosteko» eskatu zion udal gobernuari, «legealdiko ildo estrategiko nagusiak zehazte aldera». Horrekin batera, «gastu korrontea murrizteko eta inbertsioak, jarduera ekonomikoak eta herriko proiektu estrategikoak bultzatzeko krisiaren aurkako plana martxan jartzeko» proposatu zuen. Bide horretan, EAJk «erronka horietan elkarlanean jarduteko» prest dagoela jakinarazi zuen, «2012ko aurrekontuak gure esku dauden onenak eta eraginkorrak izan daitezen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide