Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urte berriari ongietorria ematearekin batera, helburu berriak finkatzen saiatzen dira herritar gehienak. Bidaia luze bat, kirola egiten hastea, erretzeari uztea, ikasketak garbi gainditzea... Topikoz beteriko zerrenda amaigabea osa daiteke pertsona bakoitzak finkatutako planekin. Oraindik helburu jakinik zehaztu ez dutenek, edo zerbait berria egiteko asmoa dutenek, Zumaiako Alondegia kultur etxearen proposamena begiratzea besterik ez dute. Hain zuzen ere, kolore eta gustu guztientzako ikastaro sorta antolatu du ikasturte amaierara arte.
Horietako batean edo gehiagotan parte hartzeko interesa dutenek hilaren 16a bitartean eman dezake izena, kultur etxearekin harremanetan jarrita. Horretarako, Alondegia jo, 943-86 10 56 telefono zenbakira deitu, edo kulturetxea@zumaiakoudala.net posta elektronikora idatzi daiteke. Era berean, bide horiek erabil daitezke ikastaro bakoitzari buruzko edozein zalantza argitzeko, edo informazio zabalagoa jasotzeko.
Jarraipena eta berriak
Alondegia kultur etxeak hamar ikastaro antolatu ditu, guztira. Gehienak artisau arlokoak eta gorputz heziketa edo osasun ildokoak dira. Pintura tailerra, yoga, tai chi eta eskulanak, esaterako, joan den udazkenean jarri zituzten abian, eta orain segida emango diote. Lehendik aritu direnek ikastaroarekin jarraitzeko aukera izateaz gain, ikasle berriek ere izena eman ahal izango dute.
Eskaintza berrien artean, txakurrekin bizitzen ikasteko klaseak, ilustrazioak egiten trebatzekoak, eta feltro langintza antolatu dituzte 2012rako. Ikastaro bereziak eta ezohikoak dira, eta gauza berrien zaleentzat abagune aparta. Aurreko urteetan bezala, aurten ere ez dira faltako zeramika tailerra, dantza eta mugimendu terapia, eta antzerki tailerra.
Aipatutako ikastaroez gain, KZ Guneak ohiko Internet eta programa informatikoen ikastaroak eskainiko ditu. Hilabetez hilabete, askotariko ikastaroak antolatzen dituztenez, egokiena bertako arduradunek harremanetan jartzea da, 943-86 28 66 telefono zenbakira deituta.