Zestoako Udalak etxean konposta egiteko kanpaina jarri du martxan. Parte hartzeko etxean lorategi txiki bat edo baratzea eduki beharko dira ezinbestean, norberak bere etxean eta bere erabilerarako konposta egitea baita ekimenaren asmoa. Era horretan, sortzen diren hondakinak gutxituz. «Etxean gero eta hondakin gehiago sortzen dugu. Zati handiena organikoa da, janari-ondarrak batez ere. Hori kontuan hartuta, eta herriko hondakin kopurua gutxitzeko asmoarekin jarri dugu kanpaina martxan», diote udalekoek. Udaleko ingurumen arduradunen esanetan, etxeko konpostari esker, familia batek sortzen dituen hondakinen %40-50 gutxitzen da, eta garraioan energia aurrezten da.
Konposta egiteko ekimen honetan parte hartzea doan da. Etxean edo norberak konposta egiteko ontzia, liburuxka eta prestakuntza tailerra jasoko dituzte parte-hartzaileek.
Izena emateko 943-14 70 10 telefono zenbakira deitu edota ingurugiro@zestoa.net helbidera idatzi behar da.