Joxe Mari Perez
Txuri-ri ez zaio erraza egiten askatasunaz hitz egitea. Bi hamarkadatik gora darama kartzelaratuta, eta horren ondorioz, kosta egiten zaio aske utziko duten eguna irudikatzea. 25 urtetan hainbat kontu bizi izan ditu: espetxe aldaketak, zigorrak, debekuak, tratu txarra, senide eta lagunengandik urrun egon beharra... Hala ere, bada urte guztiotan tinko mantendu den zerbait: herritarren babesa. «Argi dut jende hori hor dagoela, eta bidaltzen didan babesarekin arnasberritu egiten naiz, indarrez bete», dio. Eta aurrera begira ere hala izango dela ziur da. Hori dela eta, larunbatean Bilbon egingo duten manifestazioan parte hartzera deitu ditu zarauztarrak: «Urratsez urrats preso eta iheslariak etxeratu eta herri hau bake eta askatasunerantz eramango dugu».
Zarauzko hainbat eragilek ere hilaren 7ko hitzordua ez galtzeko adierazi die herritarrei. Horretarako autobusak antolatu dituzte. Zarauzko EAk, esaterako, bere afiliatu eta jarraitzaileei euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestaziora joateko eskatu die. Bertaratu nahi duten afiliatuek 943-014473 edota 660-931692 telefonoetara deitu dezakete autobuseko eserlekua eskuratze aldera. Zarauzko Egin Dezagun Bidea ekimenak ere bat egin du deialdiarekin: «2012an ere, ez soilik mantendu, bide horretan Zarauztik indarrak biderkatu behar eta egingo ditugu». Arrano eta Eguzki tabernetan, Laia eta Lizardi dendatan, Gaztetxean edota 686-50 74 12 telefonora deituta eman daiteke izena autobuserako.
Txuri-k Burgosko kartzelatik erantzun ditu Urola Kostako Hitza-k egindako galderak. Zenbait ez ditu erantzun.
Azkenaldian ekimen asko ari dira egiten herrian zure egoera salatzeko. Nola jaso dituzu babes eta elkartasun adierazpen horiek?
Izugarria izan da. Hala ere, urteak daramatzat espetxean, eta, hori hala, ez nuke nahiko aurten egin diren ekimenei buruz soilik hitz egin; 24 urtean egin diren ekimen guztiei buruz aritu nahiko nuke. 24 urte luze horietan belaunaldi askok egin dute nire zein, orohar, euskal preso politikoen alde lan. Ez da batere erraza izan, gainera, traba guztien gainetik horrelako lana aurrera eramatea. Meritu handiko lana egiten ari dira, eta bihotzez eskertzen dut, askotan gorriak pasatuko zituztela pentsatzen baitut; atxiloketak, isunak eta beste eraso zapaltzaileak jasanda.
Askotan senideek ematen didate ekimenen berri, eta azken egun hauetan inoiz baino animatuagoak ikusi ditut herrian somatu duten babesarengatik. Horrelakoak entzuteak hunkitu egiten nau, herrian egunero borrokan ari direla jakiteak. Oroitzapen asko etortzen zaizkit gogora: lagunak, jende ezaguna eta ezezaguna... Argi dut jende hori hor dagoela, eta bidaltzen didaten babesarekin arnasberritu egiten naiz, indarrez bete.
«Inoiz baino gehiago kaleratu behar gara» zenion zure azken gutunean. Herritarrak inplikatuz eta borrokatuz egoera alda daitekeela uste al duzu?
Bai, egia da. Gaur egun bizi dugun egoera ikusita herriaren bultzada beharrezkoa da. Betidanik esan izan dut herria kalera ateratzeko garaia dela, bere nortasun eta eskubideak defendatzera.
Garai historiko honetan mugitu beharrean gaude, arlo guztietan: ikastetxeetan, lantokietan, auzoetan... Gizartearen parte hartzea lortuz eta bideratuz, bi estatuek herri honetan eragiten ari diren razzia eta sufrimendua bukatu beharra dago.
Diozun borroka horrek merezi al du 24 urtez espetxean egon ostean?
Bai, argi daukat. Eta are eta gehiago esango nuke: Euskal Herriko gazte askoren gogo eta ametsa izan da Euskal Herriaren eskubideen alde eta sufritzen zuen zapalkuntzaren aurka borrokatzea.
24 urtez espetxez espetxe ibiltzea ez da makala izan, ez, baina inposatutako legeak dira gu espetxean mantentzen gaituztenak, lege espainiarrak, mendekuz eginak.Nire gaztetasuna, nire bizitza eman nuen bere garaian gure herria biharko egunean aske izan zedin. Milaka izan gara urteetan zehar pauso bera eman dugunak, eta erronka zaila bada ere, orduan hartu nuen bidea hartu izanaz ez naiz damu. Gainera, gaur egun inoiz ez bezalako argia ikusten dut bidearen amaieran, urrats sendoak ematen ari gara- eta. Egunak aurrera egin ahala geroz eta baikorragoa naiz, bere egunean hasitako borrokak emandako fruituak pixkanaka ikusten joango baikara.
Parot dotrina medio, 9 urtez luzatu zizuten zigorra. Nola jaso zenuen berria?
Gogoan dut, zoritxarrez, Espainiako Auzitegi Gorenaren dotrina ezarri zidan eguna. Hasteko, argi utzi nahi dut euskal preso politikoon aurrean Espainiak duen papera: bere legedia aitzaki hartuta, gu fisikoki zein psikologikoki amaitzea.
Ni zigor kode zaharrarekin zigortu ninduten, Francoren garaiko kodearekin, hain zuzen ere. Epaitu nindutenean erredentzioak egon bazeuden; hau da, zigorrik jaso ezean espetxean egiten zenuen bi eguneko espetxealdi egun bat kentzen zizuten. Urteak aurrera egin ahala baremo batzutan sartzen zara, zigorraren hiru laurdenak, esaterako. Puntu horretan, legearen arabera, aske izan beharko zenuke. Baina azken finean espetxeak berak erabakitzen du baldintzapeko askatasuna eman ala ez. Niri 2003an iritsi zitzaidan horretarako
garaia. Ni aske uztea onar zezaten epaitegira jo banuen ere, esperantza handirik ez nuen, egia esan.
Urteek aurrera egin, eta espetxeak finkatutako irteera-datara hurbilduz joan nintzen; 2008ko abenduaren 15era, hain zuzen ere. Orduan ere ez nintzen batere baikorra, batez ere 2006etik aurrera beste kideei gertatzen ari zitzaiena ikusita. Eta hala eskatzen nien ere etxekoei, ez zezatela pentsa eguna iritsita aske utziko nindutenik.
Nola jakinarazi zizuten berria?
Nere gurutze-bidea 2008ko azaroan hasi zen. Espainiako Auzitegi Nazionaletik jakinarazpen bat jaso nuen abenduaren 15ean aske izango nintzela baieztatuz, epailea zein fiskala ados baitzeuden. Handik egun batzutara, ordea, garai hartan espetxeko zuzendaria zenak gutun bat bidali zuen epaitegira, Auzitegi Gorenaren 2006ko legearen interpretazio berria—Parot doktrina deitzen diotena—kontutan izan ote zuten galdetzeko. Honen ondoren berriro ere dokumentazio guztia Auzitegi Nazionalera bidalarazi zidaten; onartuak nituen erredentzio guztiak, eta abar.
Azkenik, aske behar nuen egunean bertan, goizean, epaitegiko idazkari bat etorri zitzaidan paper bat ematera. Bertan, nire espedientea berraztertu ondoren, nire irteera data 2017. urtera arte atzeratu zutela ageri zen.
Jakinarazpena jasotzen duzunean etxekoez gogoratzen zara lehenbizi; nola esan, nola hartuko duten berria... Erabat txikituta zaude, sufrimendu hau guztia ez baita etxekoentzat zein lagunentzat oraindik amaitu. Nik aurretik ere argi neukan kalean izan arte ez nuela askatasunean sinistuko. Ondoren bai, egongo da denbora askatasunari ongietorria emateko.
Esan beharra dago. Hau ez da legezkoa. Izan ere, zigortu niduten garaiko zigor kodeak eskubide batzuk aitortzen dizkio zigortuari —edozein lege liburutan garbi azaltzen da—, eta handik urte batzuetara beste auzitegi batek legearen interpretazio berri bat egin eta ordura arteko erredentzio eta askatasun datak kolpe batez bertan behera uzten ditu. Interpretazio berezia da guztiz, edo, hobe esanda, berezitua, gu berariaz zigortzeko, mendeku gisa.
24 urtean esperientzia asko bizi izango zenituen espetxeko egunerokotasunean. Baten bat ba al da bereziki nabarmendu nahiko zenukeena?
Esperientzia asko bizi izan ditut, bai. Gogoan dut, adibidez, Herrerako (Ciudad Real, Gaztela-Mantxa, Espainia) espetxean kartzeleroak eta guardia zibilak sartzen zirenean, armamentu guztiarekin (porrak, makilak, espraiak…). Banan bana pasillo bat egiten ziguten, hormaren kontra jarriz eta egurtuz. Ziegetara itzultzean, berriz, txikituta aurkitzen genituen.
Espetxez aldatzean ere makina bat jipoi jaso dugu, kartzeleroen zein guardia zibilen aldetik. Beti gu bakarrik harrapatzen saiatzen ziren, lekuko gisa preso arruntik egon ez zedin.
Baina beste guztiaren gainetik oroitzapen mingarri bat dut barruan, kartzeleroek nere aitaren heriotzarekin jolastu zutenekoa. 1994. urtean jakin nuen aitak minbizia zuela, eta espetxe aldaketa eskatuta hiru bat aste egon nintzen Langraitzeko (Gasteiz, Araba) espetxean, aitari ebakuntza egin ondoren. Urtebete gehiago iraun zuen bizirik. 1995ean Almeriako espetxean nengoen, eta aita hil baino lau hilabete lehenago lekuz aldatzeko eskatua nuen, baina ez nuen inolako erantzunik jaso. Aita hil baino bost egun lehenago senideek espetxera deitu zuten, aita ospitaleratu zutela esanez, eta ni jakinaren gainean jartzeko eskatuz.
Momentuan, ordea, ez zidaten ezer esan. Egun batzuk geroago kartzelero batek aipatu zidan aitarena eta etxera deitzeko baimena nuela esan. Deitu ahal izan nuenerako minutu gutxi batzutako bizia geratzen zitzaion soilik. Kartzeleroei hiletara joateko baimena eskatu nien, eta espetxeak erietxearekin hitz egin zuela, eta nere aita bizirik zegoela erantzun zidaten. Izugarria izan zen horrelako kontuekin nola jolasteko gai diren ikustea, izugarria.
Azkenean lekualdatzea onartu ,eta hurrengo egunean eraman ninduten herrira. Arratsalde gazi gozoa bizi izan nuen: aitaren heriotza alde batetik, eta, bestetik, aita herrian ezaguna zenez, jende asko hurbildu baitzen nigana agurtu eta bere babesa adieraztera.
Nola irudikatzen duzu aske utziko zaituzten eguna? Zer egitea desio duzu?
Ez dakit nolakoa izango den, baina momentuz argi daukat herrira iristean egingo dudan lehenengo gauza hondartzara joatea izango dela, espetxeko germen guztiak kentzeko. Etxekoek beti esaten didate usain berezia dudala, eta nolabait hau gainetik kendu nahi dut. Espero dezagun itsasoa bare egotea, urteak dira-eta igeri egiten ez dudana.
Zer da askatasuna zuretzat?
Ez dakit nola deskribatu gaur egun bizi ezin dudana. Urte asko eman ditut dagoeneko espetxean, eta egia da esan ohi dena, hau da, kalean egonda gauza
askori ez diezula behar beste kasurik egiten, ez dituzula behar bezela baloratzen. Espetxera sartzean konturatzen zara hortaz.
24 urte hauetan beti egon izan naiz kontrolpean. Ez da erraza izaten eskutitzak idaztea, bidali aurretik irakurri egingo dituztela jakinda; ezta aurrez aurreko bisitak zein telefono deiak grabatuko dituztela kontuan izanda, konfiantzaz komunikatzea. Eta ez neregatik, idazten edota bisitan etortzen diren lagunengatik baizik. Batzuek arazo pertsonalak aipatzen dizkidate, beste batzuk herriko kontuez aritzen zaizkit... Ez dago hitzik hau guztia azaldu ahal izateko, horregatik nahiago nuke galdera hau askatasunean erantzun.
Besterik gehitu nahiko zenuke?
Bai, pare bat kontu aipatu nahiko nituzke bukatzeko. Lehenik, espetxe zein erbestean dauden kideentzat animo eta besarkadak bidali nahiko nituzke hitz hauen bitartez. Eta bestetik, zarauztar oro deitu nahiko nuke urtarrilaren 7an Bilboko kaleak beteko dituen manifestazioan parte hartzeko. Urratsez urrats preso eta iheslariak etxeratu eta herri hau bake eta askatasunerantz eramango dugu, ziur baietz.
GUTUNA (Ekaitz Sirvent, La Sanse-ko (Paris) espetxetik)
"Egungo agertoki politikoari ongietorria eman, eta independentziaren aldeko indarren egituraketa berria oso baikorki baloratzen dut. Estatuen estrategia errepresiboak eta posizioak gero eta zilegitasun gutxiago du Euskal Herrian. Hala ere, oraindik gaur errepresio gordinaren ordaina jasotzen ari gara: espetxea, tortura, erbestea eta jazarpena.
Iritsi da garaia gure herrian dagoen gehiengo sozial eta politikoa gorpuztuz eta indarren metaketan eta aktibazioan oinarrituriko herri presioa bideratuz gatazka politikoari konponbide demokratikoa emateko. Euskal preso politikook, pertsona eta herri gisa dagozkigun eskubideen defentsan eta bere etorkizun libre eta demokratikoaren alde borrokan jarraituko dugu; zuekin batera, prozesu demokratikoa sustatuz, konponbide politikoaren eragile aktibo izanez.
Herri libre bat lortzeko asmo eta gogoarekin borrokari lotu diren belaunaldi eta jatorri askotako herritarren lanari esker egin dugu aurrera. Aurrerantzean ere, herriz herri kultura politiko anitzeko jendea barneratuko duen dinamika sozial erraldoia antolatzea gure esku dago.
Herri sendo, eder eta elkartasunezko bat egin dezakegu, bai. Herri aske bat egingo dugu".
Besteak beste,
Txuri-ren ilobak idatzitako gutuna irakurri, Haimar Arozena eta Mikel Larrañaga preso ohiek Arranon emandako hitzaldia eta Arraio Irratiak
Txuri-ren senitartekoei egindako elkarrizketa entzuteko, bisitatu webgune hau:
http://zarautzbidean.wordpress.com