2011 urtea osasuntsu amaitu dute ehunka lagunek Azpeitian, Xeye Atletismo taldeak antolatutako eta Urola Kostako Hitza egunkariak babestutako San Silbestre lasterketan parte hartu ondoren. Duela 11 urte antolatu zuten proba lehen aldiz, eta ordutik abenduaren 31ko probako parte hartzeak gora egin du etengabe. Aurten 630 korrikalari lehiatu dira, zehazki.
Yeray Varela oñatirra izan zen helmugara iristen lehena larunbatean (00:23:21). Emakumezkoetan, berriz, Nerea Etxeberria (0:29:09) azpeitiarra izan zen azkarrena, iaz bezala. Etxeberriaren atzetik ere azpeitiarrak izan ziren nagusi. Izan ere, Nerea Azpiazuk (0:29:19) bigarren postua eskuratu zuen, eta Olatz Gabilondok (0:33:06), berriz, hirugarrena.
Gizonezkoetan, bestalde, Pedro Muñoz (00:23:23) izan zen eskualdeko azkarrena, eta sailkapen orokorrean bigarren sailkatu zen. Rafa Maritxalarrek (00:24:04) lortu zuen hirugarren postua.
Aurten hainbat berrikuntza izan ditu probak. Besteak beste, aurreko urteetakoa baino ibilbide motzago izan du. 7,26 kilometro egin dute lasterka parte hartzaileek.
Helduek ez ezik, haur eta gaztetxoek ere izan zuten urteroko hitzordua herriko plazan. Kadeteek, alebinek eta infantilek ere lasterka egin dute urteko azken egunean, goizean goiz. Jubenilek, berriz, senior mailakoekin eta beteranoekin batera hasi zuten proba, baina ibilbide erdia egin zuten. Aitor Madrazo (00:12:21) eta Maite Olaizola azkoitiarrak izan ziren garaileak jubenilen artean.
Sari bat jasotzeke
Irabazleei zegozkien sariez gain, parte-hartzaile guztien artean hainbat opari zozkatu zuten antolatzaileek; hala nola, ardo botilak, urdaiazpikoak eta Zumaiako Zelai Talasoterapian zirkuituak. Fernando Etxezarreta Perezi talasoterapian asteburua igarotzea egokitu zitzaion. Gonbita egunean bertan jaso ez zuenez, 943-89 00 17 telefonora deitu behar du.
Lasterketak eskualdean
Azpeitian ez ezik, Urola Kosta eskualdeko beste hamaika herritan ere urtea San Silbestre lasterketarekin agurtu zuten herritarrek. Zestoan, esaterako, lehenengo aldiz egin zuten proba kaleetan zehar. Horrez gain, Aian, Getarian, Orion edota Zarautzen ere egin zuten txapelketa; Zumaian, ohikoa den moduan, biko lasterketa egin zuten.