Beharrei aurre egiteko elkarrekin ariko dira Azpeitiko eta Zestoako egoitzak

Nerea Uranga 2012ko urtarrilaren 3a

Azpeitiko eta Zestoako adinekoen egoitzek indarrak batzea erabaki dute, inbertsioak egiterako orduan dauzkaten hutsuneei aurre egiteko. Bide horretan, Azpeitiko eta Zestoako udalak elkarlanean ariko direla azaldu dute: «Bi udalok indarrak batu ditugu, Gipuzkoako Foru Aldundiari bi herrietako adinekoen egoitzetarako laguntza eskatzeko». Gaur egun Azpeitiko San Martin egoitzaren eta Zestoako zaharren zentroaren artean 122 lagunentzako tokia dute homologatuta. Horrez gainera, bi egoitzen artean hamasei psikogeriatria unitate, eguneko zentroko hamabost lagunentzako tokia, eta babestutako zortzi etxebizitza eskaintzen eta kudeatzen dituzte, beste zerbitzuen artean. Azpeitiko zazpi kenduta, egoitzetako plaza guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartuta dituzte. Orain, bi udalak eta egoitzak kudeatzen dituzten bi erakundeak bat egin dute, eta plaza guztiak foru aldundiarekin hitzartuak izan daitezela eskatu dute. Bai Azpeitiko San Martin egoitza eta bai Zestoako Zaharren Egoitza irabazi asmorik gabeko fundazioek kudeatzen dituzte. Egoitzetako arduradunen arabera, azken urteetan inbertsioei aurre egiterako orduan «hutsune nabarmenak» aurkitu dituzte. Horregatik, «inbertsio publikoa» eskatu dute, eta, horrekin bat, plaza guztiak hitzartuak izatea. «Gizarte beharrei erantzuteko sortu ginen, eta gure helburua behar horiei erantzuten jarraitzea da, ahalik eta modu garden, zuzen eta duinenean», adierazi dute egoitzetako arduradun direnek. Aurrera begira ere elkarrekin Dituzten hutsuneak betetzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza eskatzeko batu, baina aurrera begira ere elkarlanean jardungo dute bailarako bi egoitzek, bi udalek bultzatuta. Hala jakinarazi dute. Egoitzetako ordezkarien arabera, egunerokoan, kudeaketan eta erabaki estrategikoak elkarrekin hartuz eta bat eginez segiko dute lanean Azpeitiko eta Zestoako zentroek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide