Aurreko asteazkenean, abenduaren 21ean, Kultur Etxean egin zuen 2012rako aurrekontuen proposamenaren aurkezpena Orioko Bilduk.
Kapituluz kapitulu gastuen zenbatekoa eta nolakotasuna aipatu zituzten lehenik, sarreren zenbatekoa ondoren eta, gero, herritarrei eman zieten hitza.
Gastuen atala da gehien eragiten diguna, ordenantza fiskaletan sarreren herritarron ekarpenaren zenbatekoa eman baitzuten.
Beñat Solaberrieta, Orioko alkatea, izan zen agerraldiko gidaria eta elkarte eta teknikariei galdetuta osatutako aurrekontuak direla azpimarratu zuen saioaren hasieran. Azken biurtekoan egindakoa ere kontuan izan dutela ere esan zuen, herriari jarraipena eman asmoz daudela gehituta. Maiatzean aurkeztutako programarekin ere lotura zuzena duela esan ondoren, lehen urtea denez, ez dira nahi bezain parte hartzaileak. Datorren urteetan beste erabateko lanketa egin nahi dugu egin herriarekin gaineratu zuen Solaberrietak.
Kapituluz-kapitulu
KPIaren igoera egingo da Udaleko langileen soldatetan Bilduren proposamenean, baina igoera ez da berdina izango guztientzat; gehien irabazten dutenei igoera txikiagoa egingo zaie eta gutxien irabazten dutenei handiagoa. Pilar Azurmendi arkitektoari lanaldi osoa emango zaio Bilduren proposamenak aurrera egiten badu, orain artean %80ko lanaldia bazuen ere. Horrez gain, brigadarako langile bat gehiago, eta kanpineko harrerarako ere pertsona bat gehiago kontratatuko dira. Turismo teknikaria horretara zentratzea nahi dugu, eta ez kanpineko harrerako langile ere izatea esan zuen Solaberrietak.
Bigarren kapituluan, Udalak sustatzen dituen ekintzetan -nahiz eta berak zuzenean egin ez-, besteak beste, hondartzako anbulantziaren ordutegia zabaldu nahi dute. Solaberrietak esan zuenez, Obra eta zerbitzuko kexei aurre egiteko %39 igo nahi dugu, %13ko argiteria handitzeari aurre egiteko ere igoera bat izango da gastu partikular horretan. Hondakinen kudeaketaren inguruan %30 igo behar da, gerora zorretan ibili ez gaitezen zabortegia ixterakoan. Herritarrei KPIa igoko zaien arren, Udalak bere gain gastu handiagoa hartuko du zaborren kontuan. Gobernu organoen gastuak %50 murriztea aurreikusten dute, nahiz eta zenbaterainoko gastuak sortuko dituen jakin ez zehatz; Gabonetako argiteriaren gastua %18 murriztu –aurtengoaren inguruan galdeketa egin eta gero erabakiko dute datorren urteetan zer egin–, alkatetzatik sortzen diren lanetarako %44 gutxiagoko partida jarri dute, baina gobernu organoen gastuen antzerakoa gertatzen zaie hemen. Hilerriko lanak eta frontoiko lanak eraginda, bertan mantenu gastua txikiagotuko da, beraz, murrizketa izango da hemen.
Proiektu berriak ere badituzte buruan. Bata hezkuntza sistema nazionalaren barruan dago, independentista sareak bultzatua eta bertan Orioko curriculuma idatzi ahal izateko partida bat sortzeko asmoa du Bilduk -4.000 euro-. Balioen txokoa deituriko bigarren proiektu bat egiteko asmoa dute Salatxo azpian egin den gelan. Balioak lantzen dituzten herritarrentzat lokala izatea nahi dugu hura. Hala nola, kulturen arteko harremanak sustatzen dituztenena, ingurumena lantzen dutenena… azaldu zuen Solaberrietak. Euskara eta ingurumena zeharka garatu nahi dituzten arren, diru partidak, gutxi bada ere, handitu egin nahi ditu Bilduk.
Laugarren kapituluan, diru-laguntzen kapituluan Urkome, Eudel, Udalbide, Mankomunitatea... bezalako organo publikoei %4a jaitsi nahi dio Bilduk, herriko elkarteei gehiago eman ahal izateko. Etxebizitzari irtenbidea emateko proiektu piloto bat ere nahi dugu jarri martxan bizpahiru etxerekin esan zuen Solaberrietak. Etxe hutsak alokairuan jartzeko asmoa dutenei, konponketak egiteko diru-laguntzak emango dizkiegu, baina horren araudia idatziko dugu lehenbizi. Ongizateko diru-laguntzak mantendu egin nahi ditu Orioko Bilduk.
Hezkuntzan aurrekontua bikoiztuta erakutsi zuten Bildukoek. Horren azalpena oso sinplea da: lau hitzarmen sinatu ziren maiatzean eta bete egin behar dira esplikatu zuen Beñat Solaberrieta alkateak.
Inbertsioen kapitulua
Zenbatekoetan gehiegi sartu gabe azaldu zituen beren asmoetan dituzten inbertsioak. Hauek dira puntuz puntu:
- Hirigintza eta obretan: Ikastola ingurua, Andra Mari Arantzazukoa eta Ikastola artean dagoen eremua, txukuntzea batetik eta kanpineko beharrezko lanak (asfaltoa, saneamendua...) bestetik.
- Abaromendin autokarabanentzat lekua jartzea –hura erabili nahi dutenek dagokien tasa ordainduta, baina argi eta urez hornitutako lekuak izango dira– eta Arrantzale eta Eusko Gudari arteko tunelak txukuntzea.
- I-play, Munto eremuan dagoen jolasa: erdia erosiko da orain eta beste erdia aurrerago.
- Musika eskola: instrumentu berriak erosteko partida.
- Festetarako: txosna bat –urtero alokatzean dirua galtzen dela iruditzen zaiela azaldu zuen Beñat Solaberrietak; horrez gain– eta bi erraldoi erostea.
- Hondartzan: petrila konpontzea, ahateen sarea txukuntzea, 2 dutxa erostea, iturriak konpontzea...
- Merkataritza eta turismoa: txu-txu trena erostea pentsatu dute. Alokairua 24.000 euro kostatzen da urtean eta erostea 73.000. Diru-laguntza eskatu da eta 19.000 inguru euro balioko du erosteak. Hortik lanpostua sortu nahi da eta beste herriei alokatzeko aukera era ikusten dugu esan zuen Solaberrietak.
- Udal eraikinetan: futbol zelaian, musika eskolan, kiroldegian -esfortzu berezia egin nahi dute hau txukuntzen-, Haurreskolan, Iturriaga jauregian, Zaragueta eskolan… hainbat lanetarako gastuak aurreikusten dituzte. Ludotekaren proiektuaren idazketa, euskaltegiaren proiektuaren idazketa, Babes Ofizialeko etxeen egitasmoa -Munto eremuan dagoen erabili gabeko lurrerako…- enpresa haztegiak -enpresa berriak sortzeko asmotan diren gazteentzat, Kofradia berriko bi lonja egokitu nahi dituzte-.
Horiek izan ziren azaldutako lerro nagusiak. Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrentzat, alkatearen e-mailera mezua bidaltzeko edota udaletxeko postontzian eskutitza lasai uzteko esan zuen Beñat Solaberrieta alkateak. Beste alderdiekin hizketan egon gara, baina negoziazioak oraindik luze jo dezakeela esan zuen Bilduko agintariak.