«Zarautz oparoa da sorkuntzari dagokionez. Artea, pintura, bertsolaritza, literatura, musika eta beste hainbat alorretan sona handiko sortzaileak ditugu. Sormenak ez du etenik herrian», dio kultura zinegotzi Gari Berasaluzek. Horiek, ordea, askotan sorlekutik kanpora aurkezten dituzte lanak, eta «ez dute euren lanaz herritarren aurrean hitz egiteko aukerarik izaten». Hori dela eta, Sorlekutik ekimena prestatu dute, sortzaileei herritarren aurreansormenaz hitz egiteko eta azken lana aurkezteko plaza.
Plaza horretan formatu txikiko ekitaldiak eskainiko dituzte; lau bat kontu beharko dira soilik ekimenak aurrera eraman ahal izateko: lekua, sortzailea, haren lana aurkeztuko duen gidari edo bidaidea, eta herritarrak, noski.
Lekuari dagokionez, «azpiegitura handiegirik ez» dutela beharko nabarmendu du kultura zinegotziak: «Printzipioz saioak Sanz Enea kultur etxeko sotoko aretoan egitea aurreikusi dugu. Hala ere, ez gara leku horretara mugatuko. Herrian badira liburudendak, arte galeriak, gaztetxea, museoak, tabernak… sortzaileen plaza izan daitezkeenak. Horiekin elkarlanean jardungo dugu, inori itzal egiteko asmorik gabe».
Hilabetean behin egingo dituzte saioak. Urtarrilerako, ordea, bi jardunaldi antolatu dituzte. Batetik, Mikel Kazalis musikariak beste hainbat kiderekin sortu berri duen Matxura talde aurkeztuko du. Bestetik, Jesus Mari Olaizola Txiliku idazleak Bizien gaubeilan bere azken lanaren inguruan ariko da solasean.
Sorlekutik plazara
Sorlekutik ekimenaren barruan Zarauzko sortzaileen erakusleiho izateko asmoz, Sorlekutik plazara antolatu dute eguberrietarako. Hala, herriko artisauek, eskultoreek, irudigileek, argazkilariek eta sormenaren inguruan lanean ari diren zarauztarrek euren lanak erakutsi ahalko dituzte hilaren 27tik 30era, Merkatu Plazan . «Merkatu Plaza erakusleiho bilakatuko dugu, herritarren sormen xumea erakusteko gune», nabarmendu du Artezaleak taldeko Karmen Agirretxek.
Artelanak salgai egongo badira ere, helburua horiek herritarrei erakustea izango da, nagusiki.Guztira 24 postu egongo dira, askotariko lanekin. Giroa goxatzeko, antzezlanak, musika eta ikuskizunak izango dira, baita txokolate beroa ere. Zarauzko gobernuz kanpoko erakundeek eskainiko dute hori, eta irabaziak Caritasek herrian dituen proiektuetara bideratuko dituzte.
Bestalde, Artezaleak elkarteak urtero antolatzen duen jaiotza lehiaketa ere Merkatu Plazan izango da aurten. Parte-hartzaileek bertan erakutsiko dituzte lanak, eta herritarrek onena aukeratu ahalko dute.
SORLEKUTIK PLAZARA EKIMENAREN EGITARAUA
Abenduak 27, asteartea.
-18:00. Ekimenaren aurkezpena.
- 18:30. Patxi Santamariak Historia baten bila antzezlana eskainiko du.
- 19:00. Oreka TX taldeak txalaparta emanaldia eskainiko du.
- 19:30. Ainhoa Alberdik eta Alproja taldeko aktore gazteek antzezlana egingo dute.
Abenduak 28, asteazkena.
Ekitaldia zehazteko.
Abenduak 29, osteguna.
-19:00. Kemen Iruretagoienaren performance-a.
Abenduak 30, ostirala.
-19:00. Jaiotza lehiaketaren sari banaketa ekitaldia.
-20:00. Tik Tara musika taldearen kontzertua.
Sorlekutik plazara ekimena Merkatu Plazako lehen solairuan egingo dute, 17:00etatik 21:00etara.
