
Getariatik Meagarako errepidea konpontzeko eskatuko dio udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hala erabaki zuen Getariako Udalbatzak astearteko ez ohiko udalbatzarrean. EAJk aurkeztu zuen mozioa, eta, horrez gain, beste hainbat eskaera egin
zuen. N-634 errepidea ixten dutenean, hainbat arazo sortzen da herrian. Izan ere, Meaga bidea hartzea da getariarrek herritik irtetzeko duten modu bakarra. Ildo horretatik, kostatik igarotzen den errepidean «behar adinako inbertsioak egiteko» ere eskatuko dute udal zinegotziek, maiz egiten dituzten errepide mozketak ekidite aldera.
Horrez gain, errepide hori mozten denean, «beharrezko baliabideak bideratzeko» eskatuko dio udalak aldundiari, «ahalik eta epe laburrenean bidea ireki ahal izateko». Era berean, herritarrek egoeraren berri izan dezaten «informazioa helarazteko modu eraginkorrak» erabil ditzala proposatuko diote erakundeari. Udalbatzak aho batez onartu zuen EAJk aurkeztutako mozioa.
Euskal presoen eskubideak
Bilduk, berriz, euskal presoen eskubideen aldeko mozioa aurkeztu zuen ez ohiko plenoan. Hala, «bizi dugun aukera historiko honen aurrean, euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko» eskatu zuten Bilduko ordezkariek, «baita dispertsioa amaitzea, preso guztiak herriratzea, eta gaixotasun larriak dituztenak eta zigorra beteta dutenak askatzea ere».
Horrekin batera, urtarrilaren 7ko manifestazioarekin bat
egitera deitu zituzten herritarrak mozioaren bitartez, «ezberdintasun politiko guztien gainetik, giza eskubideen alde urratsa eman, eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena
denon artean osa dezagun».
Mozioa gehiengoz onartu zuten, Bildu eta Aralarren aldeko botoekin, eta EAJren abstentzioarekin.
Horren aurrean, EAJk beste mozio bat aurkeztu zuen, euskal presoen eskubideak aldarrikatze aldera. ETAk, Aieteko adierazpenari erantzunez, behin betiko ekintza armatu utzi izana aintzat hartzeko eskatu zion udalbatzari. Era berean, eragindako mina aitortzea eta zauriak sendatzen laguntzea galdegin zuten.
Euskal presoen eskubideen urraketaren aurrean, berriz, EAJk Eusko Legebiltzarrak 2006an hartutako konpromisoa berretsi zuen: presoak euren ingurunetik gertutago dauden kartzelatan egon behar dutela; Espainiako espetxe erakundeek euskal preso guztien oinarrizko eskubideak errespeta ditzatela; eritasun larriak dituztenei berehala 92. artikulua aplikatzea,
eta zigorraren zati handiena
betea dutenak eta baldintzapean aske egon daitezkeenak
askatzea.
Gehiengoz onartu zuten euskal presoen inguruko bigarren mozio hori, Bilduren abstentzioarekin eta EAJren eta Aralarren aldeko botoekin.