Getariako Udal Gobernuak egoera ekonomikoaren inguruko azalpenak eman zituen herenegun, 120 herritar ingururen aurrean. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, Getariako Udalak «inoizko egoera ekonomiko estuenean» dago; besteak beste, diru sarrerak ez direlako gastu arruntak adina igo. Halaber, «gastu gehiegikeriaren ondorioz» azken urteetan Udaleko «zorpetze maila asko igo» dela jakinarazi dute.
Egoera ekonomikoari aurre egiteko hainbat neurri hartu dute, baina 2012an ere «aparteko» neurriak hartu beharko dituztela nabarmendu dute ordezkariek. Hala, datorren urteko aurrekontuaren zenbatekoa aurreko urteetakoen aldean «txikiagoa» izango dela aurreikusi dute. Inbertsioen inguruan, berriz, «lehentasunak ongi finkatzea» premiazkoa dela uste dute; beraz, «beharrezkoak ez diren inbertsioak» edo Udalaren egoeraren ondorioz onartu ezin direnak atzeratu egingo dituzte, «momentuz». Izan ere, inbertsioak herriko «benetako ahalmenetara» egokitu behar dute: «Urteetan mantendu diren hainbat ohitura eta desoreka aldatu eta konpondu beharra dago. Austeritatea aplikatu behar da udalean, herritar bakoitza egunerokoan eta etxean egiten ari den modu berean».
Udal gobernuak adierazi du maiatzean botere aldaketa izan zenetik ez dutela «beharrezkoa eta zentzuzkoa den informazio trasbase egokirik jaso». Ordutik udaleko egoera ekonomikoa aztertu dute, eta hainbat «arazo kezkagarri» aipatu dute; besteak beste, gastu arruntak «oso handiak» izan dituztela jakinarazi dute; hau da, sarrerak baino handiagoak izan dira, udal gobernuaren arabera. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen foru funtsaren zati bat itzuli behar dutela esan dute; horien arabera, hurrengo urtean aldunditik 1.466.493 euro jasoko dituzte, baina horien %15 ingurua itzuli behar dute; hau da, 230.436 euro.
«Gehiegizko inbertsioak»
2006. urtetik udalak «zorpetze maila altua» izan duela esan dute; besteak beste, «gehiegizko inbertsioak eta gastuak» ordaintzeko maileguak eskatu dituelako. Horien artean, 2006an eskailera mekanikoak egiteko jaso zuen 1,548.605 euroko hogei urteko mailegua, eta 2008an beste inbertsio batzuk egiteko 373.163 euroko mailegua gogoratu dituzte. Hala, 2.285.768 euroko bi maileguri egin behar dio aurre udalak; aurrekontu arruntaren %75ari, hain zuzen ere.
Hainbat inbertsio «herritarren benetako beharra aztertu gabe eta alternatibak kontuan hartu gabe» egin direla nabarmendu dute, eskailera automatikoak, kasu. Eskailera horiek mantentzeko, Udalak urtean 63.500 euroko gastuari egin behar dio aurre, udal gobernuaren arabera.
Diru-sarrerei dagokienez, berriz, «jaitsiera nabarmenak» izan dituzte, eraikuntzaren gaineko zergetatik edota Espainiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzetatik, kasu.
Azken hilabeteetako neurriak
Hala, gastuak eta sarrerak orekatzeko asmoz azken hilabeteetan hainbat neurri hartu dutela adierazi dute. Horien artean, udaleko liberatu kopurua erdira jaitsi dutela gogorati zute, eta alkatearen eta udaleko goi karguen soldatek ere behera egin dutela gaineratu dute. Goi karguen soldata %56 murriztu dute; beraz, urtean 70.109 euro aurreztuko dutela adierazi dute. Talde politikoen eta zinegotzien dietak ere %20 jaitsi dituzte; hala, urtean 3.888 euro aurreztuko dute, udal gobernuaren arabera. Beste murrizketa bat udaleko arkitektu kopurua jaistea izan da. Izan ere, Getariako Udal Gobernuak uste du bi arkitektu izatea «gehiegizkoa» dela, eta horregatik arkitekto bakarra izatea erabaki dute.