‘Muu’ herri ekimena sortu dute, zekorketarik gabeko festak izateko

Zestoako Hitza 2011ko abenduaren 21a

«Odolik gabeko festen alde egiteko», Muu herri ekimena sortu dute. Zekorketen inguruko «zaletasuna nabaritzen bada ere», kontrako jarrera indartzen ari dela uste dute Muu-koek. Zekorketen etorkizunaren inguruko galdeketa egitea proposatu, eta o...


«Odolik gabeko festen alde egiteko», Muu herri ekimena sortu dute. Zekorketen inguruko «zaletasuna nabaritzen bada ere», kontrako jarrera indartzen ari dela uste dute Muu-koek. Zekorketen etorkizunaren inguruko galdeketa egitea proposatu, eta ondotik Muu sortu dutela azaldu dute. Hainbat herritar «ideia nagusiak biltzen saiatu» dela esan dute.
Animalien Eskubideen Adierazpen Unibertsala babesten du ekimenak —Zestoako Udalak 1996an onartu zuen—, eta, horregatik, «tortura eta hilketa baitan edo oinarrian dituen ikuskizun oro errefusatzen» dituztela. Beste hainbat animaliari eragiten zaion tratu txarra ez dute gutxitetsi nahi. Hala jakinarazi dute.
Zekorkerak Zestoako historian oso sustraituta daudela diote. «Baina horrek ez du zilegitasunik ematen», uste dute. «Ikuskizun krudel eta sadiko baten inguruan alai eta festa-giroan egoteak balore kaxkarrak transmititzen dizkio gizarteari, bereziki umeei», azaldu dute.
Barrerak muntatzearen alde
Barrerei bestelako erabilera ematea posible dela diote Muu-koek. «Zestoan barrerek pizten duten sentimendu positibo sustraitua aintzat hartzen dugu, eta barrerak ikuskizun odoltsutik banatzearen alde gaude». Zekorketarik gabeko festa posible dela ziurtatu, eta plazari «erabilera anitza» ematea proposatu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide