«Egunkarian anaia atxilotuta ikusi nuenean ohartu nintzen benetan gertatutakoaz. Hau egia da, esan nuen orduan». Patxi Uranga presoaren anaia Xabier Urangaren hitzak dira. Egin Dezagun Bidea ekimenak antolatu dituen ekintzen barruan egin zuten herenegun iluntzean presoen senideen mahai-ingurua, kultur etxean. Itxaso Legorbururen ahizpa Ixone Legorburu eta Patxi Urangaren anaia Xabier Urangak bizipenak azaldu zituzten. Halaber, Urangaren aitak, Patxi Urangak ere partekatu zituen azken urteetan bizi izandakoak.
Tartean, presoen etorkizuna izan zuten hizpide. ETAk jarduera armatua uztea erabaki eta gero ere, zuhur azaldu da Legorburu. Presoen hurbilketari dagokionean «itxaropentsu eta ilusioz» badago ere, «alerta egoeran» egon behar dutela uste du. «Senideak eskarmentua dugu dagoeneko, eta jakitun gara oraindik prozesuak luze joko duena. Gauza asko ikusiko ditugu oraindik. Presoak, inoiz baino gehiago, presionatzeko tresna izango dira. Batzuk kalera irtengo dira, edo hurbildu egingo dituzte, eta horrek preso eta senide artean tira-birak sortuko ditu ziurrenik, askotan gertatu den bezala; errepresio politikoaren hurrengo tresna da hori».
Legorburu izatez gasteiztarra bada ere, Oriorekin «lotura handia» du. Duela hiru urte atxilotu zuten, Frantziako Mezieres-En-Brenne herrian. Ordutik Fleuryko (Frantzia) espetxean dago, herritik 1.000 kilometro ingurura. Urangak, berriz, hurrengo urteko ekainean hiru urte egingo ditu giltzapean. Ezarri dioten zigorraren arabera, 2021ean irtengo da espetxetik, hasiera batean behintzat. Alacanten (Herrialde Katalanak) dago preso, etxetik 805 kilometrora. Gregorio Escudero da hirugarren preso oriotarra; hamar urte darama preso, Curtiseko (Galizia) espetxean, Oriotik 750 kilometrotara.
Bisitak, ehunka kilometrotara
Senideak espetxean dituztenetik, «asko» aldatu zaie bizitza. «Hala edo nola moldatu» behar dute egunerokotasuna, batez ere asteburuetan, bisita egunetan. «Egunerokotasunean txertatuz gero, automatikoa bilakatzen da. Bizitzaren parte bilakatzen da», dio Legorburuk. Bata Frantziako Estatuan dago, eta bestea Espainiakoan. Estatu bateko eta besteko legeek bisita baldintzatu egiten dute. Urangaren familiartekoek berrogei minutuko bisita izan ohi dute, eta beira batek banatuta egoten dira senidearekin. Hilean behin izaten dute elkar ukitzeko aukera.
Legorbururen kasuan, berriz, ez dute kristalik, baina Itsasoren kasuan ezin da senideen eremura pasa, eta ez dute aurrez aurreko bisita intimorik. Legorburu trenez joan ohi da ahizpa ikustera. Ostiral gauean irteten da, eta larunbatean ikusi eta gero itzultzen da. Gaua igarotzen ez badu, 100 bat euro kostatzen zaio bidaia.
Urangaren anaiak eta gurasoek, berriz, normalean autoz eta autobusean egin ohi dute Alacanterako bidaia. Urangaren anaia, Xabier, oro har, autoz joaten da, bakarrik. «Ostiralean, lanetik irtendakoan, 22:00 aldera abiatu, zuzenean kartzelara joan, 40 minutuz bertan egon, eta atzera itzuli egiten naiz. 1.650 kilometro egiten ditut». Horrek duen arriskuaz harago, argi dute ahal dela ez dutela bisitarik galdu behar. «Ez bagara bisitan joaten, gaizki sentitzen gara. Gainera, eguraldia dela eta, presoak asko kezkatzen dira. Hala ere, anaiaren muxu bakar batek merezi du neke hori guztia».
Tratu fisikoa eta psikikoa
Espetxera iritsi, NAN txartela erakutsi, miaketak pasatu... Ongi ezagutzen dute bisitetako prozedura. «Batzuetan, baimena izan arren, ez digute presoa ikusten uzten. Hurrena, berriz, edozeini onartzen diote». Funtzionarioek eta poliziek euskal preso politikoak tartean direnean «legea muturreraino» eramaten dutela
uste du Urangak. «Tratua desegokia da askotan, eta miaketetan
oso harroak dira. Askotan,
gainera, espetxe inguruan kontrolak jartzen dituzte, eta, kasualitatea, zu geratzen zaituzte. Ondorioz bisitak galdu egin izan ditugu».