Egin dezagun Bidea ekimenak antolatu dituen ekintzen barruan, atzo iluntzean presoen senideen mahai-ingurua egin zuten Orioko kultur etxean. Ixone Legorburu Itsaso Legorbururen ahizpak eta Xabier Uranga Patxi Urangaren anaiek beraien bizipenak azaldu zituzten; senideak preso dituztenetik, egunerokotasuna, atxiloketa eguna, tratua, bisitak eta beste hamaika gai jorratu zituzten. Presoen etorkizuna ere izan zuten hizpide; ETAk jarduera armatua uztea erabaki eta gero ere, egungo egoeraren "jakitun" direla adierazi zuen Legorburuk; presoen hurbilketaren inguruan, "itxaropetsu" baino "alerta" egoeran egon behar dela uste du: "Senideak jakitun gara oraindik prozesuak luze joko duela; gauza asko ikusiko ditugu oraindik, eta presoek presionatzeko tresna izaten jarraituko dute. Preso batzuk kalera irtengo dira, edo hurbilduko dituzte, eta preso eta senide artean tira-birak sortuko ditu ziurrenik; errepresio politikoaren ondorengo tresna da hori".
Legorburu, izatez gasteiztarra bada ere, Oriorekin «lotura handia» duela-eta bere ahizpak parte hartu zuen; Legorburu duela hiru urte atxilotu zuten, Frantziako Mezieres-En-Brenne herrian. Ordutik Fleuryko (Frantzia) espetxean dago preso, herritik 1.000 kilometro ingurutara. 2013ko maiatzean geratuko da aske. Urangak, berriz, hurrengo urteko ekainean hiru urte egingo ditu preso. Ezarri dioten zigorraren arabera, 2021ean irtengo da espetxetik, hasiera batean behintzat. Alacanten (Herrialde Katalanak) dago preso, etxetik 805 kilometrotara. Gregorio Escudero da hirugarren preso oriotarra; hamar urte daramatza preso, Curtiseko (Galizia) espetxean, Oriotik 750 kilometrotara; ez dago zehaztuta zenbat urte egingo dituzten kartzelan, baina «gutxienez beste hogei urte» egingo ditu.