Jan-edanarekin festa izango da bihar, San Tomas egunez, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2011ko abenduaren 20a

 Bihar, San Tomas eguna, festa egun handia izango da Azpeitian, goizean goizetik hasi eta iluntzera bitartean. Jai egunaren lehen doinuak Izarraitz Txistulari Elkartekoek jarriko dituzte, ordurako Frontoi Txikian Ilunpe Pilota Elkarteko txapelketaren finalera iritsitako pilotari gazteak prestatzen hasita izango dira. 10:00etan, hasiko dira pilota partidak, Frontoi Txikian. Festa bete-betean eguerdian izango da. Herriko plazaren inguruan bilduko dira Santomas eguneko ekitaldi gehienak: herri kirolak, bertsolariak, trikitilariak... Herriko hainbat elkartek eta ikastetxeetakoek jarritako txorizo otarteko eta talo postuak egongo dira plazaren bueltan eta udaletxeko arkupetan. Bihar zazpi postu jarriko dituzte. Azoka plazan, berriz, San Tomas egunez ohi bezala, baserritarren produktuen postuak egongo dira. 30 postutik gora jarriko dituzte bertan; gehienak, bertako baserrietako barazkienak eta fruituenak izango dira. Baina, bestelako produktuak ere erosgai egongo dira bertan: lekaleak, gazta, eztia, gozokiak, ukenduak... Udaleko festa sailetik adierazi dutenez, «bertako baserritarrei garaiko produktu ederrekin azokara etortzea eskertu egin behar da, San Tomas eguneko festa osatzen laguntzen dutelako». Sortu berri duten Baserritik.com egitasmoaren postu bat ere jarriko dute bihar azoka plazan, informazioa banatzeko. Aurten txerrikumeak erakusgai jarriko dituzte azoka plazarako sarrera nagusiaren ondoan. Pilota ikuskizun berezia Bihar arratsalderako Ilunpe Pilota Elkarteak pilotako ikuskizun berezia antolatu du Izarraitz pilotalekuan. Aurrena, laster erremontean debuta egingo dutenak ariko dira, eta, gero, pilotari profesional beteranoak Ilunpeko bi gazteren aurka jokatuko dute. Egitaraua Abenduak 20, gaur 21:00. Soreasun, Julian Barrenetxea abesbatzaren 25. urteurreneko kontzertua. Horrela, urteurreneko ekitaldiak bukatuko dituzte. Abenduak 21, bihar San Tomas eguna 10:00. Kaleetan, Izarraitz Txistulari Elkartearen goiz eresia. 10:00. Frontoi Txikin, Ilunpe Pilota Elkarteko eskuzko pilota partida finalak: Benjamin aurrekoetan, Arzallus eta Eizagirre buruz buru ariko dira; lehen urteko benjaminetan, Egiguren eta Andreu Elosegiren eta Labakaren kontra; bigarren urteko benjaminetan, Salegi eta Uranga Aranzetaren eta Arakistainen aurka; alebinetan, Egiguren eta Galarraga Iriarteren eta Isasmendiren kontra; infantiletan, Alberdi eta Aranbarri; eta, kadeteetan, Salegik eta Aizpuruk osatutako bikoteak Illarramendiren eta Adonisen kontra jokatuko du. 11:00. Herriko Musika Bandaren kalejira, eta Eltziegoko gaita-jotzaileak. 12:00. XXIX. Euskal Antzerki Topaketetako sari banaketa, udaletxean. Txalo taldeak jasoko du, Ipuinaren bila antzezlanarengatik. pGoiz guztian. Azoka plazan, udazkeneko baserri produktuen azoka berezia. 12:00. Herri kirol jaialdia, herriko plazan. Aizkoran, Azurmendi (Euskadiko txapelduna) eta Nazabal (Euskadiko txapeldunordea). Aimar Irigoien eta Goenatxo II.-a harri-jasotzaileak. 12:00. Herriko plazan, bertsolariak: Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Sebaxtian Lizaso. 12:00. Itsasiko tuntturroak eta Juan Antxieta musika eskolako soinu-jotzaileak. Segidan, erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak. 17:00. Izarraitz pilotalekuan, Ilunpe Pilota Elkarteak antolatutako pilota partidak. Erremontean Segurola eta Aizpuru Otaegi eta Labakaren kontra ariko dira. Ondoren, eskuz Goñi II.-a eta Goñi III.-a Larrañagaren eta Uzkundunen kontra. 18:00. Sanagustin kulturgunean, Gazteen Azpeitiko XI. Dantza Suelto Txapelketa. Aipamen berezia jasoko dute, aurtengo Euskal Herriko dantza txapeldunek: Jon Ibargurenek eta Idoia Besadak. 20:00. 22:00ak arte Izer eta Alabier eta Imuntzo eta Beloki trikitilarien kalejira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide