Zarauzko Arkamurka Natur Taldeak adierazi du Eusko Jaurlaritzak Iritan industria gunea egiteko diru-laguntzak ematea ukatu izana “aukera berria” izan daitekeela taldearentzat. Natur Taldeak gogorarazi du Iritarako aurreikusitako proiektuak ez dituela “eremu horretarako ingurumen baldintzak betetzen”. Halaber, laguntzak ez ematearen beste arrazoietako bat Spri Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak “interesik” azaldu ez izana dela gaineratu du.
“Udalarentzat atzerapen bat izan daitekeen” berria “poz handiz” hartu duela adierazi du Arkamurkak: “Jakin, badakigu ondasun naturalekiko gero eta sentsibilizazio maila handiagoa dagoela gizartean, eta ziur gaude atzerapen horren ondoren Udalak eremu hori beste begi batzuekin ikusiko duela, oraindik zenbaitek begiak euro-zapiz estalirik baditu ere”, adierazi du taldeak. Halaber, Udalari “proposamen eguneratua” aurkeztuko diotela gaineratu dute.