Gabonetan ere kontsumo jasangarriaren aldeko ekimenak ez dira falta. Gehien kontsumitzen den urteko sasoia dela kontuan izanda, arduraz ekiteko gomendioak herri guztietara hedatu dira. Azken hilabetean, besteak beste, bigarren eskuko produktuen azokak egin dituzte eskualde ia osoan. Ildo horri jarraituz, Gizarte Kutxako Ekogunea zerbitzuak bertako eta garaiko produktuen kontsumoa bultzatzeko kanpaina abiarazi du Gipuzkoan, Basque Culinary Center zentroarekin elkarlanean, eta ekimeneko autobus ibiltaria Zarautzen izango da bihar.
Bizkaia kaleko 6. eta 8.zenbakien artean aparkatuko dute ibilgailua, eta Gabonetan ere, bertakoa eta garaikoa lelopean, doako showcooking-ak edo sukaldaritza ikastaroak eskainiko dituzte goizez eta arratsaldez; 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etik 21:00etara, hain zuzen ere. Ordubete inguruko iraupena izango dute ikastaroek, eta parte-hartzaileek Gabon egunetarako menuak prestatzeko errezeta berriak ikasteko aukera izango dute, Basque Culinary Center-eko sukaldarien eskutik. Ikastaro bakoitzean 25 lagun inguruk hartu ahal izango du parte, eta erreserba egiteko 902-10 91 56 telefono zenbakira deitu behar da.
Gizarte Kutxako Ekogunea zerbitzuak Eko Bira izeneko azoka egin zuen joan den uztailean Zarautzen; nolabait ere, gizartea ingurumen gaietan kontzientziatzeko, eta zerbitzu nahizproduktu ekologikoagoak kontsumitzeko aukera eskaintzeko. Oraingo honetan, berriz, garaiko produktuen kontsumoa sustatzea du helburu, eta Eko Bira azokarekin egin zuten moduan, Gipuzkoako hainbat udalerri bisitatuko du autobus ibiltari gastronomikoak, abenduaren 29a bitartean. Datorren astean, esaterako, eskualdean izango dira bigarren aldiz. Izan ere, abenduaren 27an Azkoitira iritsiko da unitate dibulgatiboa, herritarrei errezeta goxoak bezain interesgarriak erakustera.
