Euria, txingorra eta hotza egin arren, festa giroa izan da nagusi gaur Lege Zaharren Enparantzan. AEK euskaltegiak antolatuta, 10:30etik aurrera Santomas azoka izan da, eta eguraldiak lagundu ez badu ere, jende ugari gerturatu da taloez eta orohar giroaz gozatzera. Urtero, AEKk herriko eragileak gonbidatzen ditu txistor postua jartzera, eta aurten, ZKEko Eskubaloi sailekoei eman diete horren ardura. Irabaziekin denboraldiko gastuei egingo diete aurre eskubaloiko kideek.Giroa, berriz, Arraio Irratiak berotu du.
Txistorra onena, Ezkur Txerri
Urtero legez, txistorra lehiaketa egin dute eta inguruko zortzi harakinek hartu dute parte: Etor, Arozena eta Otzarreta zarauztarrek; Kepa Loidi, Patxi Oliden eta Juantxo oriotarrek eta Olatz eta Ezkur Txerri getariarrek. Azken horrek irabazi du txistor onenaren txapela. Koadrila Eguna antolatzen jardun zuten kideek osatu dute epaimahaia, eta produktuaren usaina, itxura, kolorea eta zaporea izan dituzte kontuan irabazlea aukeratzerakoan.