Asteazkenean aurkeztu zuen Orion Bai&Buy, Orion erosi kanpaina Arkupe Elkarteak, Orioko Udaleko ordezkariekin batera. Aurkezpenean Maite Garcia izan zen Arkuperen ordezkaria, eta Miriam Uranga merkataritzako batzorde burua eta Beñat Solaberrieta alkatea Orioko Udalarenak.
Larunbatean egingo den Arkupe eguna aurkeztu zuten. Programa haurrei zuzenduta dago batez ere, eta plazan egingo da. Goizeko 12:00etan Ibai Esoain izango da ipuinak kontatzen, arratsaldeko 16:00etan Lur Usabiagaren ipuin kontaketa interaktiboa izango da, eta Lurrek Orioko komertzioen istorioa kontatuko du. Makillaje tailerra ere izango da eta 17:00etan, txokolate jana.
Eguna bukatzeko, 17:30ean, ttuntturroak ibiliko dira kalez kale.
Deskontu eta promozioak erosleentzat
Behin Arkupe eguna pasata, elkarteko hainbat komertzioetan bezeroentzat promozio bereziak izango dira. Herriko kaleak Gabonetarako girotu nahi dituzte eta horretarako Maite Garciak esan zuenez bazkide guztiek kandeladun farolatxoak jarriko ditugu gure lokalen kanpoaldean, herria erakargarriago egiteko asmoz.
Webgune berria sortzeko asmotan dabiltza eta 2012rako fideltasun txartela egiteko intentzioa ere azaldu zuten. Beñat Solaberrietak bere aldetik garai hauetan herrian erosteak duen garrantzia adierazi zuen. Orioko komertzio, jatetxe eta tabernek kalitate handia dute eta krisi garai honetan inoiz baino garrantzitsuagoa da ekonomia lokalari hauspoa ematea. Horregatik, Orioko merkataritzaren alde egin behar dugu eta oriotar guztiak herrian eros dezaten animatu nahi ditut.
Miriam Uranga zinegotziak erakusleihoen lehiaketaren berri eman zuen. Aurten, beste urteetan ez bezala, herritarrek erabakiko dute zeintzuk izango diren sarituak. Horretarako hainbat kutxa jarriko ditugu abenduaren 21etik 31ra bitartean herriko kafetegietan: Goxoki, Il Gelato, Kutixi, Ogiberri eta bi Sayaleroetan.
Sariak merkatarientzat eta bozkatzen duten herritarrentzat izango dira. Gauzak horrela, hauek izango dira erakusleiho lehiaketaren sariak:
Merkatarientzako sariak
Lehen saria: Xixario jatetxean afaria + Itxaspeko hotelean lo egin eta gosaldu
Bigarren saria: Katxina jatetxean afaria + Txanka Erreka hotelean lo egin eta gosaldu
Hirugarren saria: Joxe Mari bodegoian bazkaria
Laugarren saria: San Martin erretegian bazkaria
Herritarrentzako sariak (bozkatu duten guztien artean zozketatuko direnak)
Orion erosketak egiteko 12 bono zozketatuko dira, 50 eurokoak.
Herriko edozein tokitan gastatzeko balioko dute bono horiek. Bonoak 3 hilabeteko epean gastatu beharko dira. Merkatariek udaletxean trukatu beharko dute gero bonoa, dirua eskuratzeko.
Udalak, saria beren borondatez jarri duten jatetxe eta hotelei eskerrak eman nahi dizkie: Joxe Mari, Katxiña, San Martin, Xixario jatetxeak, Itxaspe eta Txanka Erreka hotelak.