Eneko Llanosi buruzko filma emango dute bihar

Zarauzko Hitza 2011ko abenduaren 16a

Eneko Llanos triatleta gasteiztarrari buruzko Enekoren bizitzan egun bat ikus-entzunezkoa emango dute larunbat honetan, arratsaldeko 19:00etan, Zarauzko Antoniano aretoan. Emanaldia Zarauzko Triatloi Elkarteak antolatu du, 3BAT triatloi dendarekin, As...

Eneko Llanos triatleta gasteiztarrari buruzko Enekoren bizitzan egun bat ikus-entzunezkoa emango dute larunbat honetan, arratsaldeko 19:00etan, Zarauzko Antoniano aretoan. Emanaldia Zarauzko Triatloi Elkarteak antolatu du, 3BAT triatloi dendarekin, Aspanogi elkartearekin eta Antoniano Ikastetxearekin elkarlanean. Ekimenak elkartasuna du xede. Horrenbestez, filma ikustera gerturatzen direnei borondatea eskatuko zaie, eta bildutako diru guztia Aspanogirentzat bideratuko dute.

Jose Miguel LLano egindako film labur honek Eneko Llanosek leihaketa egun bati nola aurre egiten dion kontatzen du. Zer sentitzen duen, zein den bere jarduera eta zein pentsakizun izaten dituen lehiatzen ari denean jasotzen ditu. Filmak Llanos hurbilagotik ezagutzeko aukera ematen du. Ikus-entzunezkoak 12 minutu iraungo du, eta amaitutakoan, Eneko Llanos beraren eta Jose Miguel Llano egilearen arteko solasaldia izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide