Zarauzko Bildu eta Aralar udal taldeek euskal presoen eskubideak eta sakabanaketaren amaiera aldarrikatzeko 24 orduko baraualdia egingo dute gaur. Besteak beste, «preso guztiak herriratzea» eskatu dute agiri ofizial baten bitartez, «gaixotasun larriak dituztenak eta zigorra beteta dutenak askatzea».
Horrekin batera, urtarrilaren 7an euskal preso politikoen alde burutuko den manifestazioarekin bat egiten dutela adierazi dute, eta herritarrak ekimenean parte hartzera deitu dituzte. «Herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu nahi diegu alde politiko guztien gainetik, pertsona guztien giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun», nabarmendu dute.
Presoen parte hartzea
Bildu eta Aralarren arabera, «munduan eman diren askotariko prozesu politikoetan bezala, Euskal Herrian ere preso politikoen errealitateari konponbidea eman behar zaio». Hala, «konponbide politiko horretan, presoek ere parte hartu» behar dutela nabarmendu dute, «herritar orok bezala». Udal taldeok adierazi dutenez, «ziklo bat behin betikoz itxi eta etorkizunean aske egingo gaituen ziklo berria indarrez irekitzea» ahalbidetuko du horrek. Madril eta Parisek, ordea, «egoera berriaren tamainako urratsik ez duela eman» diote: «Presoen dispertsioak bere horretan jarraitzen du, senitartekoek milaka kilometro egiten jarraitzen dute, hamarnaka euskal presok hil arteko zigorra betetzen jarraitzen dute eta gaixotasun larriak dituzten hainbat presok baldintza kaskarretan jarraitzen du. Egoera hori errotik aldatzea eta atzerapenik gabeko urratsak ematea ezinbestekoa dela deritzogu».
Bide horretan, Gernikako akordioak dioena «ezinbestekoa» dela esan dute, hau da, «presoak Euskal Herrira ekartzea eta dispertsioarekin amaitzea; gaixotasun larriak dituztenak aske uztea; epaituak izateko zain daudenak prebentiboei behin-behineko aske uztea, legeak ezarritakoak bete dituzten presoei baldintzapeko askatasuna ematea; murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe legeak jasotzen dituen espetxe onurak aplikatzea eta zigorra betetzeko muga berrogei urtetan ezartzen duen legedia indargabetzea».
Getarian ere baraualdia
Getariako Bilduko hautetsiek ere baraualdia egingo dute gaur. «Aieteko adierazpenarekin bat eginez, euskal preso politiko eta iheslariaren aferan aurrerapausoak emateko beharra aldarrikatzen dugu», diote: «Hori horrela, ostiralero herrian presoen alde egiten den elkarretaratzean parte hartuko dugu Egin dezagun bidea ekimenari babesa erakusteko». Bestalde, urtarrilaren 7ko manifestazioarekin bat egiten dutela nabarmendu dute, eta herritarrak parte hartzera deitu.