Zero Zaborrek bigarren eskuko azoka antolatu du iganderako, Agenda 21 sailarekin elkarlanean. Aurten, berrikuntza gisa,truke eta doako postuak ere izango dira. Merkatu Plazan izango da, ohi bezala, goizez zein arratsaldez. 10:30ean zabalduko dute 13:30ak arte, eta 15:30ean irekiko dute berriz, 18:30ak bitartean.
«Zaborrarekin dugun auziari irtenbidea emateko garrantzitsua da hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea. Eta, bide horretan, beharrezkoak dira bigarren eskuko azokak, berrerabiltzea sustatze aldera», nabarmendu du Agenda 21eko zinegotzi Jabier Etxaburuk. «Batzuentzat zaborra dena besteentzat baliagarri izan daiteke. Behar ez duguna Urtetara botatzeak ez du zentzurik. Horregatik, soberan duguna trukatzera deitzen ditugu herritarrak».
Doan eman edota trukatuko diren materialak gaur eta bihar jasoko dituzte. Hala, produktuak Zarautz Kirol Elkarteak Musika Plazan duen egoitzara eraman beharko dituzte herritarrek, gaur 18:00ak eta 20:00ak artean, eta bihar, berriz, 10:00etatik 13:00etara. Horiei txartel kopuru jakin bat emango zaie, utzitako objektu kopuruaren eta haien tamainaren arabera. Txartel horiek gerora azokan trukatu ahalko dituzte balio bereko produktuengatik.
Igandean bertan ere jasoko dituzte produktuak. Azken orduan dabiltzanek azoka ireki aurretik eraman beharko dituzte produktuak Merkatu Plazara. Horiei ez zaie banatuko elkartrukera txartelik, baina azken orduan inork eraman ez dituen elementuek eskuratzeko aukera izango dute. Soberan geratu den materiala, berriz, irabazi asmorik gabeko elkarteei eta Emausi emango diote.
Egoera onean
Askotariko produktuak eman ahalko dira: jostailuak, diskoak, liburuak, arropa eta etxeko gauzak, besteak beste. Baldintza bakarra bete beharko dute: osorik eta egoera onean egotea, «norberak hartzea gustatuko litzaioken egoeran», alegia.
Doako eta trukerako postuez gain, bigarren eskuko materiala salduko dute azokan. Ildo horretatik, herriko ikastetxeetako DBH 4ko eta Batxilergoko ikasleek postua jarriko dute Merkatu Plazan, ikasturte amaierako bidaiarako irabaziak eskuratze aldera. Horiez gain, Zarautzbidean euskal presoen aldeko taldeak ere izango du bere tartea. Bertan, askotariko materiala salduko dute, eta ateratako irabaziak sakabanaketak eragindako gastuak ordaintzeko erabiliko dituzte. Era berean, Orokieta Herri Eskolako Guraso Eskolak ere izango du postua bigarren eskuko azokan.
Tailerra eta janaria
Birbira Recicla enpresaren eskutik, haurrei zuzenduriko eskulan tailerra izango da igandean. Janaria ere ez da faltako. Uztaro kooperatibak janari ekologikoa eskainiko die bertaratzen direnei. Horrez gain, konpostaren inguruko erakusketa izango da ikusgai.