‘Kontatu nirekin’ ekimena jarri du martxan Azpeitian Egin Dezagun Bidea taldeak

Urola Kostako Hitza 2011ko abenduaren 16a

Egin Dezagun Bidea ekimenaren baitan hainbat egitasmo dira martxan eskualdean. Azpeitian, esaterako, Kontatu nirekin ekimena abian dute. Zestoan, berriz, Bilduko hautetsiek Egin Dezagun Bidearekin bat eginez, baraua egingo eta elkarretaratzea egingo dituzte gaur. Azpeitiko Kontatu nirekin kanpainarekin, 700 herritarren argazkiekin Euskal Preso Politikoen Kolektibo osoaren erakusle izango den kartela osatu nahi dute. Kontatu nirekin-gurekin leloa izango du. Bertan parte hartu nahi duten herritarrek argazkia honako helbide honetara bidali behar dute: nirekinkontatuargazkia@gmail.com. Norberaren argazkia bidali behar da. Herritarren parte-hartzea Kanpainaren antolatzaileen arabera, Kontatu nirekin ekimenaren helburua «eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira» aldarriak duen babesa erakustea da. Era berean, Azpeitian Egin Dezagun Bidea mugimenduak Gabonetarako antolatutako ekimenetarako deia egingo dute herritarren aurpegiekin osatutako irudi horrekin. Antolatzaileen arabera, «testuinguru politikoak hala eskatzen duelako» beharrezkoa da herri osoaren esku hartzea. «Kartzela politika honekin aski dela esan behar dugu. Eta behingoz konponbiderako bidea hartzeko eskatu». Zestoan baraua Egin Dezagun Bidea ekimenaren baitan Zestoako Udaleko alkateak eta Bilduko zinegotziek baraua egingo dute gaur. Bide batez,  presoen eskubideen aldeko elkarretaratzera deitu dute barauan parte hartuko dutenek. Gaur izango da, 12:00etan, plazan. Zestoako Egin Dezagun Bidea ekimena arloz arloka barauera ari da deitzen, eta gaur alderdi politikoen txanda izango da. Hala, Zestoako Bilduko hautetsiek bat egingo dute deialdiarekin, eta 24 orduko baraua egingo dute euskal presoen alde.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide