Maitane Agirre eta Azis Alberdi Zumaiako zinegotziak lanaldi erdirako liberatu dituzte

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2011ko abenduaren 16a

Maitane Agirre eta Azis Alberdi zinegotziak %50ean liberatu dituzte. Hala, aurrerantzean hiru liberatu izango dira Zumaiako Udalean: Iñaki Agirrezabalaga alkatea lanaldi osorako, eta Agirre eta Alberdi lanaldi erdirako. «Liberazioen gaia behin betiko ixte aldera» Zumaiako Bilduk hartutako neurria da honakoa: «Liberazio hauen bitartez Bilduk uste du behar bezalako baliabideak jarri dituela Zumaiako Udala kudeatzeko, eta itxitzat ematen du liberazioen gaia». Aipatu erabakia «arazo» bati irtenbidea emateko hartu du Bilduk. Agirrezabalagaren arabera, maiatzeko hauteskundeen atarian, Alderdien Legearen ondorioz, hainbat pertsonak ezin izan zuen aurkeztu. Sortu alderdia legez kanpo utzi ostean, zerrendak guztiz berritu eta jende berria bilatu behar izan zuten, orduan. «Zorionez, aurkeztu genuen egoera zailaren aurrean pausoak emateko prest zegoen jendea. Batzuk politikan inoiz jardun gabeak  dira, baina lanerako gogotsu daude», dio. «Ezohiko egoera horri», ordea, «konponbide berezia bilatu behar» izan ziotela gogoratu du alkateak: «Zinegotziei egunerokoan laguntza izango zutela agindu genien, martxa hartu bitartean, behinik behin». Eraso pertsonala Ildo horretatik, Andoni Etxaniz urtebeterako liberatzea proposatu zuen Bilduk. «Etxaniz zortzi urtean zinegotzi izan da, eta lau urtez alkateorde. Aukera hura guztiz legezkoa zen, legearen prozedurak errespetatuta egin genuen proposamena». «Bilduk behar zuen irtenbidea», ordea, «arazo bilakatu du EAJk». «Oraingoan ere ohiko jarrera izan du alderdi jeltzaleak, eta erakutsi du lehengo lepotik daukala burua, ahoz gauza bat esan eta gero bestea egiten duelako». Alkatearen arabera, EAJk Alderdien Legea indargabetzeko eskatzen du, baina, aldi berean, «lege horrek eragin dituen ondorioak aprobetxatzen ditu Bildu eta Bilduko kideak erasotzeko». Oraingoan, ordea, erasoa «ez da politikoa» soilik izan. «Eraso pertsonala ere izan da, eta hori oso larria iruditzen zaigu», nabarmendu du Agirrezabalagak. EAJk «marra guztiak gainditu» dituela dio. «Zinegotzi izateko aukerarik izan ez duen pertsona bati eta bere familiartekoei eraso egin die gezurrak erabiliz, bide batez teknikarien lana zalantzan jarriz». Hori dela eta, EAJri publikoki esandakoak zuzentzeko eskatu dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide