Ludoteka zabaldu dute Aiako sei eta hamaika urte bitarteko umeentzat

Ane Olaizola 2011ko abenduaren 16a

Aiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, ludoteka zerbitzua abiatu du herriko haurrentzat. Sei eta hamaika urte bitarteko neska-mutilek kultur etxean izango dute aisialdirako lekua. «Gaztelekua martxan jarri genuenean, adin tarte horretako haurrak gazte lokaletik kanpo geratu ziren, bertan egiten diren ekintzetarako gazteegiak direlako», adierazi du Eneko Sanzek, ludotekako begiraleak. Izan ere, sortu berri duten ludoteka zerbitzua Xatur gaztelekuaren hurrengo pausoa dela jakinarazi du Sanzek. «Apirilean gogoeta prozesua abiatu genuen Foru Aldundiak eta Udalak. Aiako haurrentzat aisialdirako guneak beharrezkoak zirela ondorioztatu genuen. Eta horri lotuta, gaztelekuaren proiektua martxan jarrita ere, haur batzuk herrian ez zuten aisialdirako eskaintzarik». Herriko «eskaintza pobreari» aurre egiteko, haurren «trebetasunak, zaletasunak, nahiak, eta iritzia emateko eta parte hartzeko bideak» garatu nahi dituzte, «euren bizitzako protagonistak izan daitezen, eta herritartasun aktiboa» martxan jartzeko. Izan ere, herriaren egitura konutan hartuta, haur bakoitza eskola orduak amaitutakoan bere auzora joan ohi da, «herrigunearekin harremana galduz, herri kohesioa galduz, eta beste herritar edo parekoekiko harremanak zailduz». Hala, herriak «zerbitzu mugatuak» izanik, «ekimenak abian jarri eta esperimentatzeko aukera gutxi» dio Sanzek. Jolasak berreskuratu Aiako Guraso Elkartearen eskakizunei erantzunez sortu dute ludoteka, «autonomia, erantzukizuna eta talde sentimendua» garatzeko, besteak beste. Momentuz, ostiraletan elkartzen dira haurrak, hamabostean behin. Adinaren arabera, bi taldetan banatu dituzte, eta bakoitzak ordutegi propioa du; talde bat sei eta zortzi urte bitarteko umeek osatzen dute, eta 16:30etik 18:00etara bitartean elkartzen dira; beste taldea, bederatzi eta 11 urte bitartekoez osatua, 18:00etatik 19:30era bitartean biltzen dira. Begiraleak adierazi duenez, Aiako haurren beharrak aztertu zituztenean, ludotekan tailerrak, ikastaroak eta halako ekintzak egitea baino, jolasak egitea lehenetsi zuten. Hausnarketa horri jarraituz, batez ere jokoak egiten dituzte ludotekan. Eta hori hala, Sanzek adierazi du «alboratuta geratu diren aspaldiko jolasak» berreskuratuko dituztela, besteak beste. Erantzun ona Ludotekak hilaren 2an zabaldu zituen ateak. Ordutik zerbitzuak «harrera ona» izan duela adierazi du begiraleak, eta gurasoek eskertzen dutela gaineratu du. Gabonetara begira ere hamaika ekitaldi prestatu dute; Olentzeroren etorrera, film emanaldiak edota  irteerak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide