Kaixo lagunok,
Aurtengo gabonetarako maite duzuen norbaiti oparitu diezaiokezuen aparatu horietako bat naiz. Mp4, I-pod, I-pad edo horietako bat. Hain denbora gutxian hainbeste atera gaituzte, gure izenak ikasteko ere ez digula denborarik eman. Kontua da munduko leku askotatik etor nintekeela, oraindik ustiatzeko geratzen diren lekuetatik, esan nahi dut. Leku haietan ere ikusi dut zuen antzeko jendea, bere herrian bere modura bizi dena. Edo bizi nahi duena, ahalen arabera. Izan ere, lur asko ikusi dut ezer gabe gelditzen, mendi asko zulatzen, lur horietako jende asko ihesean, jende askoren bizitzeko moduak ( kultura esaten diozue ? ) suntsitzen … nire moduko milaka, milioika aparatu egin ahal izateko, auskalo zenbat ordu egunean produkzio kate kutsatu batean pasatzen dituzten gazte zahartuegi batzuek.
Baina lasai, hau planifikatu duten bulego dotoreetako dirudunek ( zuk ni erosteko pratikan duzun hori baino mila aldiz gehiago dutenek ) ez diete asko ordaindu produzitzeko makina haiei, nire prezioa kontsumorako oztopo izan ez dadin. Badakit zuek ere ordu asko sartu duzuela pratikan duzuen hori irabazi ( ” lanpostudun zortedun” horietako bat bazarete behintzat ), egunean ikusten dituzuen ehundaka iragarki horietako baten bidez nire izena ikasi eta denda honetara etortzeko erabakia hartzeko. Horregatik kontatu nahi nizuen historio hau, zuen eskuetan egongo naizen denbora gutxi horretan ( denbora gutxi irauteko sortu bainaute ) zoriontsu izan zaitezten. Gero egunero ikusten dituzuen kamioi horietako batek eramango nau lurpera edo labe handi batera, nire toxiko guztiak aireratzeko ( errauskailu esaten diete labe handi horiei, ezagutzen dituzue ?). Ordurako izango duzue ni baino zerbait modernoagoa erosteko, etorriko zarete berriz, eta berriz hasiko da istorioa gero eta gutxiago diren ustiatzeko moduko leku horietako batean. Ala ez?
Bestela, zeuen burua astintzen, egoera hau aldatzen hasi zaitezkete. Zuen esku dago, zuen eskuekin egin dezakezue, larunbatean arratsaldeko 16:00etan Musika Plazan antolatu dituzten opari tailerretan adibidez. Ezer erosi beharrean zuk zeuk egin dezakezu, eta seguru maite dituzun horiek gehiago estimatuko dizutela.
ASTINDU ADIMENA, ASTINDU HERRIA!