Udaltzaingoak arratsaldeko itsasgora aurreko bi orduetatik itsas-pasealekua itxita badu ere, jende ugari gerturatu da malekoira, Munoa Plazara zein Getariara doan pasealekura olatuek eskainitako ikuskizunaz gozatzera. 19:00ak baino minutu gutxi lehenago izango da altuen itsasoa, baina dagoeneko olatuak malekoiraino iritsi dira. Ondorioz, zenbait taberna egur xaflekin babestu dituzte. Kostatik igarotzen den N-634 errepidea ere guztiz itxi dute Zarautz eta Zumaia artean.
Euskalmetek alerta laranja ezarri du gaur kostaldean, olatu handiak medio. Hori dela eta, arduraz jokatzeko eskatu diete herritarrei, ezbeharrak ekidite aldera. Biharko, berriz, alerta gorria iragarri du. Zazpi metrotik gorako olatuak espero dira. Hori dela eta, bihar ere itsas-pasealekua itxita egongo da itsasgora aurreko bi orduetatik ondorengo bi orduetara bitartean. Goizean 07:15ean izango da altuen itsasoa, eta arratsaldean, berriz, 19:48a inguruan.






