Edukiontzi marroia erabiltzeko saioak egingo dituzte gaur

Ane Olaizola 2011ko abenduaren 14a

Urola Kostako Udal Elkarteak eta Orioko Udalak antolatuta, bosgarren edukiontzia erabiltzen ikasteko ikastaroak egingo dituzte gaur arratsaldean, Orioko kultur etxean. Hala, hondakin organikoak bereizten ikasteko ordu erdi inguruko saioak izango dira 17:00etan, 17:30ean, 18:00etan, 18:30ean, 19:00etan eta 19:30ean. Azken saio hori gaztelaniaz egingo dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, ikastaroetan parte hartzeko nahikoa da bertara azaltzera, aurretik izena eman beharrik gabe. Hala ere, edukiontzi marroia erabiltzeko aurretik ikastaroa egin behar dela nabarmendu dute. Hala, ikastaroan parte hartzen dutenei edukiontzia erabiltzeko argibideak, edukiontzi txikia, poltsa biodegradagarriak eta kaleko edukiontzirako giltza banatuko dizkiete. Iaztik martxan Urola Kostako Udal Elkarteak aurreko urteko ekainean jarri zuen hondakin organikoak bereizteko zerbitzua martxan, Orion. Ordutik herrian hamahiru edukiontzi marroi daude. Edukiontzi horretan landare eta animalia jatorria duten hondakinak jasotzen dira, besteak beste.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide