Giza Eskubideen eta Etorkinen Nazioarteko Egunen harira ekimenak antolatu dituzte

Zarauzko Hitza 2011ko abenduaren 13a

Pasa den hilaren 10ean GGEE Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen, eta 18an, berriz, Etorkinen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Ildo horretatik, Zarauzko Udaleko Immigrazio sailak hainbat ekimen antolatu du datozen egunetarako. Aurten, bi egunak batera ospatzea erabaki dute; izan ere, Julen Aranguren immigrazio teknikariaren arabera, Immigrazio zerbitzuak Bakeola elkartearekin elkarlanean Bizikidetza eta Giza Eskubideen Aldeko Plana osatzen ari da eta bizilagun berrien integrazioaren alde lanean dihardu. Jendarte zinegotzi Ane Eizmendik jakinarazi duenez, “jatorriak eta migrazioak Zarautz aberastu” egiten dutela -eta, bizilagun berriak eta zarauztarrak elkar ezagutzeko helburuarekin prestatu dituzte jardunaldiok, “Zarautz are aberatsagoa egin dezagun”. Askotariko ekimenak Guztira, lau ekimen antolatu dituzte. Batetik, Antoniano ikastetxean sentsibilizazio programa bat abiatu dute. Hala, ikasleek bideo batean oinarrituta  lanak burutu dituzte. Migrazioa historian behin eta berriz errepikatzen den fenomenoa da, eta hori islatu dute aipatu bideoan. Horretarako, Senegaldik etorritako getariar baten eta Nikaraguatik eta Boliviatik etorritako bana lagunen testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezkoan, baita 60. hamarkadan Extremaduratik Zarautzera lekualdatu zen eta 50. hamarkadan Ameriketara joan zen herritar banarenak ere. Esperientzia horiek oinarri hartuta askotariko lanak egin dituzte DBHko lehenengo mailako ikasleek. Gaztetxoei zuzenduriko ekimenekin jarraituz, urtero kiroldegian antolatzen duten Gabonetako Parkearen baitan kultur aniztasuna sustatzeko jolasak izango dira. Hala, mural erraldoia egingo dute aurten, [...]

Pasa den hilaren 10ean GGEE Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna izan zen, eta 18an, berriz, Etorkinen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Ildo horretatik, Zarauzko Udaleko Immigrazio sailak hainbat ekimen antolatu du datozen egunetarako. Aurten, bi egunak batera ospatzea erabaki dute; izan ere, Julen Aranguren immigrazio teknikariaren arabera, Immigrazio zerbitzuak Bakeola elkartearekin elkarlanean Bizikidetza eta Giza Eskubideen Aldeko Plana osatzen ari da eta bizilagun berrien integrazioaren alde lanean dihardu.

Jendarte zinegotzi Ane Eizmendik jakinarazi duenez, “jatorriak eta migrazioak Zarautz aberastu” egiten dutela -eta, bizilagun berriak eta zarauztarrak elkar ezagutzeko helburuarekin prestatu dituzte jardunaldiok, “Zarautz are aberatsagoa egin dezagun”.

Askotariko ekimenak

Guztira, lau ekimen antolatu dituzte. Batetik, Antoniano ikastetxean sentsibilizazio programa bat abiatu dute. Hala, ikasleek bideo batean oinarrituta  lanak burutu dituzte. Migrazioa historian behin eta berriz errepikatzen den fenomenoa da, eta hori islatu dute aipatu bideoan. Horretarako, Senegaldik etorritako getariar baten eta Nikaraguatik eta Boliviatik etorritako bana lagunen testigantzak jaso dituzte ikus-entzunezkoan, baita 60. hamarkadan Extremaduratik Zarautzera lekualdatu zen eta 50. hamarkadan Ameriketara joan zen herritar banarenak ere. Esperientzia horiek oinarri hartuta askotariko lanak egin dituzte DBHko lehenengo mailako ikasleek.

Gaztetxoei zuzenduriko ekimenekin jarraituz, urtero kiroldegian antolatzen duten Gabonetako Parkearen baitan kultur aniztasuna sustatzeko jolasak izango dira. Hala, mural erraldoia egingo dute aurten, besteak beste. Jolas horietan parte hartzen dutenei Udalak 2012rako osatu duen egutegia banatuko diete.

Larunbat honetan, berriz, kale antzerkia izango da. Jakinarazi dutenez, argazkilari batzuk iritsiko dira herrira, eta arrazismoaren aurka eta integrazioaren alde daudenei argazkiak aterako dizkiete, herritarrak antzerkian parte hartzera animatuz.

Ongi etorri eta mila esker

Igandean, Etorkinen Nazioarteko Egunean, Erlo telebistak eta Jendarte saileko Immigrazio alorrak elkarlanean ekoiztutako Ongi etorri eta mila esker dokumentala emango dute aipatu telebista katean. Maialen Lujanbio bertsolari hernaniarrak SOS Arrazakeriaren ekitaldi batean botatako bertsoaren izenburu bera jarri diote dokumentalari, eta bizilagun berrien etorreraren eta haien bizimoduaren inguruko azalpenak jaso dituzte bertan. Horretarako, hainbat lagunen testigantzak jaso dute: Getarian bizi den Ousmane Ba senegaldarrarena, Zarautzen bizi diren Nikaraguako Lesly Picadorena eta Boliviako Jose Manuel Cervantesena, Biltzeneko arlo juridikoko ordezkari Pablo Pascualena, Caritaseko kide Kike Unzurrunzagarena, SOS arrazakeria elkarteko Mikel Mazkiaranena, AISA ikastaroetako irakasle Nerea Cabellorena eta Bidez bide elkarteko kide Soraya Ronquillo eta Ana Al-Wefellirena, besteak beste. Hala, bakoitzak bere alorretik migrazio fenomenoa nola  bizi duen azalduko du, bestek beste.  10:00etan, 14:00etan, 18:00etan eta 22:00etan botako dute ikus-entzunezkoa, igandean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide