Euskal presoen eskubideen inguruko jardunaldiak izango dira etzitik aurrera

Ane Olaizola 2011ko abenduaren 14a

Euskal presoen eskubideen egoera gizarteratzeko asmoz, Orioko Egin Dezagun Bidea plataformak ekintzak antolatu ditu datozen egunetarako. Ostiraletik aurrera mahai-inguruak, erakusketa, bideo emanaldiak eta bestelako ekimenak izango dira Orioko hainbat lekutan. Ekintza horiekin, «askotariko sentsibilizazio mailatara» iritsi nahi dute antolatzaileek. «Garai berri bat bizi dugu, eta erakutsi nahi dugu pertsona batzuk euren eskubideak urratuta dituztela. Problematika hori erakutsiz herritar gehiagorengana iritsi nahi dugu», adierazi dute antolatzaileek. Ekimenon bidez, «presoak Euskal Herrira ekar ditzaten» eskatuko dute. Egin Dezagun Bideak urtarrilaren 7an Bilbon egitekoa den manifestaziora ahalik eta jende gehien joan dadin nahi du, eta Orion ere Bilborako autobus bat baino gehiago irtetea espero dute. Ostiralean izango da lehenengo saioa. Antolatzaileek programa aurkeztuko dute, eta 20:15ean argazki jendetsua aterako dute, zakilaneako aldapan. Hurrengo astean zehar, berriz, K.M. 0 proiektuaren argazki erakusketa izango da ikusgai Orioko kultur etxean. Hilaren 23ra bitartean, sakabanaketa politikoaren inguruko irudi, bideo proiekzio eta informazioa eskainiko dute, goiz eta arratsaldez. Sakabanatzea, bizipenetan Horrez gain, sakabanaketa lehenengo pertsonan bizi izan duten oriotarren bizipenak ezagutzeko aukera ere izango da. Izan ere, antolatzaileek presoak eta familiartekoak auzia nola bizi izan duten eta egun nola dauden erakus dezaten nahi dute. Hala, astelehenean, hilaren 19an, Orioko presoen senitartekoek mahai-ingurua eskainiko dute, 19:30ean, kultur etxean. Hilaren 22an, berriz, herriko preso ohiak izango dira bizipenak partekatuko dituztenak. Azkenik, hilaren 20an Josu Martinezek eta Txaber Larreategik Sagarraren denbora dokumentala eskainiko dute, 19:30ean, Orioko Herri Ikastolako aretoan. Ekintza puntualetatik harago, Egin Dezagun Bideak lehenengo aldiz antolatu du presoen eskubideak jorratzen dituen astebeteko programa. Halaber, Gabonetan ere izango dira horien inguruko ekimenak. Izan ere, hilaren 24an itsaskiz osatutako otarra zozkatuko dute, eta hilaren 31n, berriz giza katea egingo dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide