Arduraz kontsumitzeko pausoak

Aritz Mutiozabal 2011ko abenduaren 13a

Gabonetan etengabeko erosketa masiboetan murgiltzen da gizartea. Zirimola horri aurre egin nahian, eta egungo egoera ekonomikoa eramangarriago bihurtze aldera, kontsumo jasangarria alternatiba posiblea bezain baliagarria dela erakutsi zuen Zumaiako Bigarren Eskuko Azokak hirugarren urtez. Zumaiako Udaleko Ingurumen Sailak eta Algorri Natur Zentroak antolatuta, joan den larunbatean egin zuten ekimena, Alondegiko Oxford aretoan, eta bertaratu ziren herritarrek bestelako erosketa-ohiturak bilatzeko eta probatzeko aukera izan zuten egun osoan. Aurten, berrikuntza nagusi gisa, herriko elkarteek eta partikularrek postua jartzeko aukeran izan zuten; nahi izan zuen orok izan zuen salerosketan aritzeko parada, hain zuzen ere. Algorri zentroak emandako datuen arabera, 38 saltzailek hartu zuen parte azokan, eta salgai jarri zituzten 1.087 produktuetatik 578 saldu zituzten; erdia baino zertxobait gehiago. Guztira, 1.641,81 euroko diru-irabazia lortu zuten; batez beste, produktu bakoitza 3 eurotan salduz. «Martxa onean aritu ginen saltzen; izan ere, jende askok hartu zuen parte», adierazi du Algorriko koordinatzaile Nerea Ibañezek. «Normalean, antzeko emaitza izaten dugu, jasotakoaren erdia salduz. Aurten, aitzitik, produktu gutxiago jaso ditugu, arropa ez dugulako onartu, ez ginelako ongi moldatzen. Gainberakoan, ordea, balorazio ona egin dugu. Irabaziei eta parte-hartzeari dagokionez, oso arrakastatsua izan da aurten ere». Berrerabili eta trukatu Azokaren baitan, Zumaia Zero Zabor ekimenekoek berrerabili daitezkeen produktuen erakusketa jarri zuten. Behin eta berriz erabiltzeko jarduerari buruzko hainbat kartel informatzaile jarri zuten aretoan; besteak beste, berrerabili daitezken produktuak  zeintzuk diren –esaterako, pardelak– eta non lor daitezken aurkeztu zituzten. Erakusketarekin batera, bigarren eskuko produktuen trukea sustatu zuten postutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide