Ostegun gauean amaitu ziren Orioko sanikolasak, herria lau egunez festan murgilduta egon ondoren. Orioko Festa Batzordeak antolatu ditu jaiak, eta oraindik balorazio orokorrik egin ez badu ere, Orioko Udaleko festa zinegotzi Jon Agirresarobek jakinarazi du jaiak «jendetsuak» izan direla. «Plaza inguruan egin diren ekitaldiek harrera oso ona izan dute egunez nahiz gauez, eta herritar askok hartu du parte saioetan. Deigarria izan da hori». Agirresaroberen esanetan, hori zen antolatzaileen helburuetako bat, «eta bete da».
Ekitaldi asko lehen aldiz egin dituzte aurten, eta «erantzun ona» izan dute, oro har. Besteak beste, San Nikolas bezperan garai bateko jaiak gogoratu zituzten, eta duela urte batzuetako musika eskaini zuten gauean. «Herritar ugari bildu zen plazan, eta gutxitan bezala, helduak gazteak baino gehiago ziren». Horrez gain, «adin guztietako pertsonak» jardun zuten soka dantzan. Karela kiroldegiko bertso saioan ere 700 bat lagun elkartu zirela jakinarazi du festa zinegotziak. Halaber, asto karreran «jende piloa» elkartu zen, baina ekitaldirik jendetsuena hilaren 8an egin zuten Gizakia animaliaren kontra saioa izan zen. Saioak izan zuen harrera «izugarria» izan zela esan du Agirrerasobek. Olidenen Castaño idia eta Heldu! taldeko mutilak lehiatu ziren plazan, eta azkenean animaliak irabazi zuen dema, 51 plaza egin baitzituen, gazteek baino bat gehiago.
«Herriak egin, herriak gozatu»
Aurtengo festak, oro har, «parte-hartzaileak» izan direla nabarmendu dute Udaletik. Besteak beste, «hamarretik zortzi ekimen» herritarrek eraman dituztelako aurrera, eta, hain zuzen, «horiek izan dira arrakasta izan dutenak». «Festa batzordeak jende asko mugitu du, eta horrek ere emaitza eman du». Udalak ere lan egiteko modu horrekin bat egiten duela jakinarazi du, eta aurrerantzean egingo dituzte jai eta ospakizunetan «herritarrek jaiak prestatu eta herritarrek gozatu» filosofiarekin jarraituko dutela jakinarazi du Agirresarobek. Zentzu horretan, «herritarren parte-hartzea sustatzeko eta herritar gehiagorengana iristeko» prozesuan sakonduko dutela esan du festa zinegotziak. Hala, ekimenetan parte hartu duten eta ardura izan duten pertsonei eskerrak eman dizkie Udalak.
Bestetik, aparteko arazorik izan ez bada ere, pasa zen asteazkenetik ostegunerako gauean jende ugari ibili zen festan, eta hainbat «txikizio» egin zutela jakinarazi du. Udalak «kezkagarritzat» jo ditu gertaera horiek, etab berriz gerta ez daitezen, «landu beharreko gaia» dela adierazi du.
320 haur baino gehiago lehiatu dira 3x3 saskibaloi txapelketan
Orioko Herri Ikastolak eta Zarauzko Zast Saskibaloi taldeak prestatzen duten 3x3 saskibaloi txapelketako parte-hartzea «urtez urte goraka» doala nabarmendu dute antolatzaileek. Horien arabera, pasa zen ostegunean, hilaren 8an, 320 haur baino gehiagok jolastu zuten Orioko Karela kiroldegian. Goiz eta arratsaldez lehiatu ziren inguruko herrietako 80 talde inguru. Goizean, zortzi eta hamalau urte bitarteko umeak aritu ziren; preminietan, Ume Bihurriak talde oriotarrak irabazi zuen, eta minibasket kategorian, berriz, Zarauztarrak taldeak Azpeitiko Iraurgi taldeko jokalarien aurka irabazi zuen; azkenik, infantiletan, Matxakado taldea nagusitu zen. Arratsaldean, berriz, kadete eta seniorren txapelketak izan ziren. Lehenengo mailakoetan Alonso Down taldeak irabazi zuen, eta seniorretan, berriz, Esekiat talde zarauztarra nagusitu zen.
Egunean zehar hainbat ezusteko izan zuten gaztetxoek. Sariak banatzerakoan, esaterako, Baskonia Fundazioko kideak izan ziren. Andrew Betts eta Sergi Vidal Lagun Aro taldeko jokariak ere izan ziren txapelketan, eta antolatzaileen esanetan «harrituta» geratu ziren saioaren parte-hartzearekin.
Jasotako laguntza eskertu dute antolatzaileek. «Eguna borobila izateko guztien laguntza beharrezkoa izaten da, eta antolatzen lagundu duten jokalari, guraso eta Zast eta ikastolako kide, Orioko Udala eta Karela kiroldegiko langileaei esker ona adierazi beharrean gaude» .