Oxford eraikinean bigarren eskuko produktuen azoka egiten ari dira gaur, eta herritar ugariren joan-etorria izan da goizean zehar. 10:00etan zabaldu ditu ateak, eta 14:00ak arte egon da irekita goiz partean. Arratsaldean, berriz, 17:00etatik 20:00etara izango da bertaratzeko aukera. Herriko elkarteek nahiz norbanakoek hartu ahal izan dute parte aurten azokan, eta hiru gune jarri dituzte bertan. Horietako batean bigarren eskuko produktuak euro gutxiren truke eros daitezke; beste batean produktuek ez dute preziorik, eta trukea izango da zerbait eskuratzeko aukera bakarra. Hirugarrenean, Zero Zabor ekimenekoek berrerabili daitezkeen produktuen erakusketa jarri dute, eta kartelak ere jarri dituzte, hainbat daturekin.
