Udalak Gabonetako Marrazki Lehiaketa antolatu du. Haur eta gaztetxo getariarrei zuzenduta dago, eta hainbat mailatan lehia daitezke parte-hartzaileak: A taldean (LH lehenengo eta bigarren mailakoak), B taldean (LH hirugarren eta laugarren mailako haurrak), C taldean (LH bosgarren eta seigarren mailakoak), D taldean (12-14 urte bitartekoak) eta E taldean (15 eta 17 urte bitarteko haurrak). Interesa dutenek Getariako Udaleko bulegoetan aurkeztu beharko dituzte lanak, abenduaren 20ko 13:00ak baino lehen.
Izenak dioen bezala, marrazkien gaia Gabonak izango da, eta A4 neurrian aurkeztu beharko dira , koloretan. Marrazkia kartazal handi batean sartu beharko da, eta kartazal horren kanpoaldean parte-hartzailearen ezizena eta taldearen letra idatzi . Barruan, beste kartazal txikiago batean, egilearen datu errealak zehaztu beharko dira: izen-abizenak, taldea eta telefono zenbakia.
Euskara eta Kultura zinegotziek, arlo horretan adituek eta LH lehenengo eta seigarren maial bitarteko maila bakoitzeko haur batek eta DBHko bi ikaslek osatuko dute epaimahaia, eta honek abenduaren 21erako hartuko du erabakia. Sari banaketa, berriz, hilaren 23an izango da, 17:30ean gaztelekuan. Talde bakoitzeko sari bana emango da, Getariako dendatan erosketak egiteko txartela, zehazki. Bestalde, aurkeztutako lanekin erakusketa antolatuko dute Berdura Plazan, Errege Eguna bitartean.