Lankidetza Asteari ekingo diote datorren asteartean

Urola Kostako Hitza 2011ko abenduaren 9a

Datorren asteartean hasiko da Lankidetza Astea, Argi batzuk itzali beste batzuk pizteko lelopean. Banka etikoa izenburupeko hitzaldiarekin ekingo diote asteari. Horrez gain, beste hainbat jardunaldi izango dira hilaren 18a bitartean. Datorren ostiralean, esatareko, Nava Jeevan elkarteak Indian duen kooperazio egitasmoaren berri emango du. Larunbatean, berriz, haurren txanda izango da. Alondegian orma irudi erraldoia marraztuko dute herriko txikienek. Era berean, aste osoan zehar Nava Jeevan proiektuaren inguruko erakusketa izango da ikusgai Alondegian. Bertan, Zumaiako Udalak laguntzen dituen bederatzi lankidetza proiektuei buruzko ikus-entzunezkoa erakutsiko dute. 95.702 euro Aurten Zumaiako Udalak 95.702 euro eman du munduan zehar burutzen ari diren hainbat lankidetza proiektura. Bederatzi elkartek aurkeztutako proiektuetara 53.302 euro bideratzea aurreikusi du; gainontzekoa Euslak funtsari emango zaio. Daralhi, Nava Jeevan, Kongolagun, Zumaia Munduan, Bangassou, Elan Euskadi, Caritas, Hegolan eta Behar Bidasoa dira, hain zuzen, Zumaiako Udalak lagundu dituen elkarteak. Egitaraua -Abenduak 13tik 18ra. Nava Jeevan proiektuari buruzko erakusketa, Alondegian. Zumaiako Udalak lagundutako bederatzi lankidetza proiektuen inguruko ikus-entzunezkoa izango da ikusgai bertan. -Abenduak 13, asteartea. Lankidetza Astearen inaugurazioa eta Banka etikoa hitzaldia, Alondegian 19:00etan. -Abenduak 16, ostirala. Nava Jeevan elkarteak indian duen lankidetza proiektuaren aurkezpena, Alondegian, 19:00etan. -Abenduak 17, larunbata. Haurrentzat eskulanak, Alondegian 17:00etan. Orma irudi erraldoia margotuko dute bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide