«Istorioarekin oso konplizea naizelako egin dut lan hau»

Urola Kostako Hitza 2011ko abenduaren 9a

Nafarroako, eta, oro har, Euskal Herriko historiako oinarrizko testuinguruan kokatzen da Gartxot bardoa. XII. mendeko Orreagan, bardoak herriaren oroimena eta kultura gordetzeko abesten du, euskaraz. Baina Orreagako apaizak euskaraz abestea galaraziko dio, latina delako «zibilizatuen» hizkuntza. Hala, Gartxot konkistaren aurkako ikur eta euskarazko sorkuntzaren aldeko aldarrikapen bihurtu da. Arturo Campionek 1917an idatzi zuen Gartxot, Itzaltzuko bardoa ipuinetik abiatuta, Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak Gartxot, konkista aitzineko konkista animaziozko filma egin dute. Benito Lertxundi (Orio, 1942) musikariak duela hiru hamarkada eskaini zion Itzaltzuko bardoari abestia, eta orain film epikoan parte hartu du; musika jartzeaz gain, Nafarroako errege Alfontso I.ari ahotsa jarri dio musikariak. Horrez gain, udaberrian diskoa kaleratuko du oriotarrak, baina dagoeneko zuzenean eskaintzen ditu abesti berriak. Orion, esaterako, larunbatean emango du kontzertua, 22:30ean, Karela kiroldegian. Nondik etorri zen Nafarroako erregeari ahotsa jartzeko ideia? Juanjo Elordik eta Asisko Urmenetak bardoaren inguruko istorioa zinemara eraman nahi zuten, baina haien baliabideak marrazkiak ziren. Nik duela 35 urte inguru Itzaltzuko bardoari abesti bat egin nion, eta bertan euskal epika lotu nuen. Beraz, musika jartzeaz gain, Gartxot pertsonaiari ahotsa jartzea proposatu zidaten. Ez zela egokia uste nuen hasieratik, ordea. Duela milaka urte, artzaintzan, koplari eta erromesen gidari bezala aritzen zen pertsonaia bati nirea bezalako ahots ezaguna jartzeak pertsonaia etxekotu egingo zuela iruditzen zitzaidan. Askotan gertatzen den kontua da hori; pertsonaia bera ez da sineskorra egiten ahots ezagun bat entzuten duenean; ahotsa norena den jakitean, nahasgarria gerta daiteke. Beraz, uko egin nion Gartxoten pertsonaiari ahotsa jartzeari. Orduan, Mixel Etxekopart abeslariari berak egiten zuen musika garaikidea edo zaharra zen galdetu zioten, eta horretaz gogoratu nintzen. Txoritxo bat bezala txioka hasi zen Etxekopart orduan, oso soinu politak ateraz. Etxekopartek galdetu zuen: «Hau zer da, garaikidea, modernoa...?» Hau da, atenporala zela argi utzi zuen. Ikaragarri gustatu zitzaidan pasarte hori, eta Gartxoten filma aproposa zela iruditu zitzaidan, istorioa ez delako ezaguna, eta halako pertsonaia bat gorpuzteko egokia zelako. Egia esanda, arrakasta izan du Etxekopart aukeratzeak. Oso sinesgarria egiten du Gartxoten pertsonaia. Gero, ez dakit zergatik, baina nire presentzia nahi zuten filmean. Erregearen papertxoa eman zidaten, eta onartu egin nuen. Ahotsa jartzeaz gain, zure diskografiako abesti batzuk aukeratu dituzu filmerako. 1981ean kaleratu nuen Altabizkar/Itzaltzuko bardoari diska, eta tartean zuen Itzaltzuko bardoa abestia. Kantu horren zati bat dago filmaren amaieran, halako nostalgia oihartzun bat uzteko. Narrazioa zinemara eramateko modukoa iruditu zitzaizula diozu. Emaitza horrelakoa irudikatu al zenuen? Hasiera batean ez. Ez nuen marrazkietan irudikatzen filma. Baina zuzendarien proposamena marrazkien bidez egitea zen. Gartxoten ipuina irakurri nuenean, istorio hura narrazio zinematografikoa iruditu zitzaidan. Egia da hori. Garai hartan asko joaten nintzen zinemara, eta Bernardo Bertolucci asko gustatzen zitzaidan, esaterako. Honek narrazio hori ongi egingo lukeela pentsatzen nuen. Gartxot filmaren zuzendariek marrazki bidez egiteko asmoa erakutsi zutenean, hasieran ez zitzaidan asko gustatu; marrazkiek beti eramaten dute haurren mundura, eta hau ez da umeentzako istorioa. Marrazkien bidez irudikatzeko epikoegia zela iruditzen zitzaidan, baina ongi funtzionatu du, egia esan. Estreinaldi egunean, Trueba aretoan ikusi nuenean, asko gustatu zitzaidan. Ongi kontatzen du istorioa, eta emozioak ere egoki lantzen ditu. Maitasun handiarekin egin dute filma, eta hori beti nabaritzen da emaitzetan. Adin guztietako pertsonek ikusteko moduko filma bilakatu da Gartxot. Aurretik egin al duzu halako lanik? Dokumental batzuetan jarri izan dut ahotsa, baina lehen aldia da halako lana zinemarako egin dudana. Gainera, normalean ez zait gustatzen saltsa guztietako perrexila izatea. Gauza gehiegitan nagoela iruditzen zait, gogoz kontra. Ez naiz bizi gauza asko egiteko. Gauzak egin bizitzeko; hori da nire filosofia. Bakoitzak bere-berea modu horretara eramaten duela uste dut. Saltsa guztietan dabiltzanak askotan sasi-lanak egiten ditu. Bokazioz norberari bizitzak agintzen diona egitea da egoera egokiena, norbere tempoen bidez. Orduan, zerk eraman zaitu lan hau egitera? Istorioarekin oso konplizea nintzelako aukeratu nuen. Bere garaian, jende askok galdetzen zuen nor zen Itzaltzuko bardoa. Urteak pasa dira, eta galdera horren ondorioz filma etorri da. Nire ustez, gehienentzako lehenengo abestia dago, eta ondorioz, beharbada, Campion irakurri dute. Zer eragiten dizu istorio honek? Kontzientzia jakin bat dugu nik eta beste jende askok. Herri izateari begiratzen diogu, eta patua zein den ikusten dugu, herriari zer gertatu zain; menpean gaude, kolonizatzaileez inguratutako herria gara. Istorio hori ezagutu nuenean gure herriaren metafora ezinhobea zela pentsatu nuen. Bere jatorriaz ahaztu egin al da herri hau? Behin herri bat menderatzen denean, denbora menderatuaren aurka egon ohi da beti; gero eta denbora gehiago pasa, menperatzaileek orduan eta abantaila handiagoa izango dute. Memoria historikoa igatzen joaten da; gure kontzientziaren inguruan estrategikoki posizionatzea ikaragarri kostatzen zaigu. Alde horretatik nahiko herri tontoa garela iruditzen zait. Besteak beste, oso menperatu zaharrak garelako gertatzen da hori. Menperatu berriek, memoria oso freskoa izaten dute, eta zer gertatzen zaien badakite. Gaur egun, herri honetan kontzientzia badago, baina honen adierazpena eta diskurtsoa gauzatzea kostatu egiten da. Abertzaleen munduak ere kanporatzen duen diskurtsoan ikusten da menperatzailearen inguruko gauza asko esaten dituela, baina hor kontraesan asko datoz. Horrek islatzen du zer-nolako nahasmena eta asmatu ezina dagoen hizkuntza egokiari dagokionean. Inoiz gertatu behar ez lukeena da menperatzaileak gure aurrean diskurtsoa izatea, eta orain horretarako aukerak ematen zaizkio. Euskaldunok bortitzak garela? Menperatzaileak, benetako indarkeria dutenak, askatasunaren bandera hartu dute. Horrek izugarrizko porrota dugula eta ez daukagula diskurtsorik erakusten du. Gure diskurtsoa asmatu behar dugu, bestearen mesedetan izan gabe. Halako istorio bat jorratzen duen film batek zertarako balio lezake? Gertatu izan zaiguna eta oraindik gertatzen zaiguna gogorarazteko balio du film honek. Beti ospatzen ari gara. Duela 500 urte Albako dukea Sakanatik (Nafarroa) barrena sartu zela ospatu zuten duela egun batzuk. Nafarroa menderatzeko horixe falta zitzaien, 300 urte lehenago Mendebaldeko Nafarroa hartu baitzuen Gaztelako Alfonso VIII.ak. Zer gertatzen zaigun konturatu behar dugu, ospakizunetatik harago. Pasa zen asteburuan Nabarralde saria jaso zenuen Ziordian (Nafarroa), besteak beste Euskal Herriko kulturan «erreferenteetako bat» zarelako, eta zure abestiak «ondare» bilakatu direlako. Zer izan da zuretzat saria jasotzea? Egia esan, halako egoerak ez ditut maite. Nahiko arraro sentitzen naiz horrelako ekitaldietan. Beti esaten dut kontzertu bat ematen dudan bakoitzean jasotzen dudala jaso daiteken saririk onena. Etxean egindako lana jendaurrean jartzean sortzen den harremana ezin da bestelako sariekin alderatu. Izan ere, sari horietan nire burua gehiegikerietan arituko balitz bezala sentitzen dut. Gainera, nire ibilbidea amaitzen ariko ote den ere pentsarazten didate. Egia esan, ez dut gozatzen. Bestetik, eta, hain zuzen ere Ziordian saria eman zidatenean, herritar batzuk zera esan zidaten: «Guk galdu genuen euskara!». Hor non dagoen Gartxoten istorioan agertzen den gauza berbera, 900 urte geroago. Herriak edo nazioak, aske ez direnean, azkenean nortasuna galtzea ordaindu egin behar dute. Disko bat ari zara prestatzen. Prozesuko zein puntutan zaude? Materiala prestatuta dut, eta orain zuzenean ematen ari naiz. Diskoa kaleratzea bat-batean pentsatu nuen. Udazkenean diskoak kaleratzea ohitura da hemen, Durangoko azokara begira. Baina udaberrirako prestatzea erabaki dut, eta horretan ari naiz orain. Duela bi aste kontzertua ematekoa nintzen Orion, baina azkenean ezin izan nuen eskaini. Horren ordez bihar gauean ematekoa naiz. Emanaldiak inoiz ez ditut alde batera uzten; beti daude boladak, eta krisiak ere eragina izan ohi du horretan. Abesti zaharrez gain, udaberrian kaleratzekoa dudan diskoko abesti guztiak eskainiko ditut kontzertuan. Kantuak egin ahala zuzenean eman izan ditut beti. Gezurra badirudi ere, abestiak aldatu egin dira, abestu ditudan heinean. Bizitza propioa dutela ematen du askotan. Bestetik, ohiko prozesua izan ohi da diskoa kaleratu arte abestiak gordetzea. Niri alderantzizko bidea gehiago gustatzen zait. Lehenengo jendeari ematen dizkiot, eta egarriz geratzen dira, baina abestiak gogoratu nahi badituzte ere, ez dituzte oroitzen. Jendea inpresio horrekin geratzen da, eta hori baino promozio hoberik ez dago ondoren diskoa erosteko. Gauzak alderantziz egitea gustatzen zait; horrek transgresio edo hauste puntu bat erakusten du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide