
Norbere azalean bizitako desamodioaren testigantza poetikoa jaso du Kepa Murua (Zarautz, 1962) idazleak El gato negro del amor poesia liburuan (Calambur argitaletxea). Kolore ilunenetik hasten da miauka, argitasunera iritsi arte. Abiapuntu tristea badu ere, amaiera itxaropentsuarekin borobildu nahi izan du poeta zarauztarrak bere azken lana.
Maitasuna, katua eta kolore beltza. Sinbologiaz beteriko poesia liburua al da El gato negro del amor?
Sinbologikoa da, bai. Maitasun edo desamodio istorio bat da, eta poema biografikoak ere badaude. Biografia orekatzeko katuaren kontakizun batzuk txertatu ditut. Hortik abiatuz, katuaren errealitatean koloreak sartzen ditut, bere mugimenduak aztertzen ditut eta, gehienbat, sinbolo baten moduan erabiltzen dut. Azken finean, maitasunaren arazoak aztertzen ditut liburuan.
Katua testuen gidaria izango litzateke eta koloreak, berriz, poema bakoitzaren egoera emozionala?
Bai. Kolore bakoitzak ere bere sinbologia du; esaterako, zuriak bakea esan nahi du eta berdeak itxaropena. Kultura bakoitzak, gainera, ikuspuntu ezberdina du koloreen inguruan. Horiek ere onartzen ditut liburuan, eta kontraesan batzuetan ere erortzen. Dena dela, pentsatzen dut irakurleak oso ongi ulertuko dituela guztiak. Izan ere, bakoitzak bere koloreak ditu, bere susmoak, eta, azken finean, maitasuna guztiok bizi izan dugun zerbait da.
Kasu honetan, beltza da izenbururako aukeratu duzun kolorea. Testuak garratzak direlako, akaso?
Badu bere alde tristea, nire bikotekidearengandik banandu nintzenean horrelako poemak idatzi nituelako. Hala eta guztiz ere, maitasunaren kantua da eta, azken unean, kolore urdina agertzen da. Itxaropenaren kolorea, alegia. Oro har, denetarik dago.
Nola egituratu duzu poemategia?
Kapitulurik ez dago, liburu osoa jarraian kontatzen baitut. Azken poema bat dago aparte, koda bat, eta atari bat ere bai, hitzaurre txiki batekin. Sinfonia gisa funtzionatzen du guztiak, hasiera eta amaiera batekin, eta oso ongi ixten da. Poema zuzenak dira, eta bertan testu biografikoak daude, baina baita gurasoei buruzko erretratuak eta soul-a nahiz blues-a bezalako atal musikalak ere.
Bidaia liburua ere bada.
Poemategi hau oso mugikorra da, hainbat lekutan idatzia: Zarautzen, Gasteizen, New Yorken eta Toronton. Beraz, sentimenduzko bidaia bat da. Tristuratik helmuga itxaropentsu batera doa poeta, eta pentsatzen dut irakurleak ere hori lortuko duela.
2005 eta 2006 urteen artean idatzitako poemak dira, duela 5 urte ingurukoak. Zergatik eman duzu horrenbeste denbora argitaratu gabe?
Hemen bi eragile daude. Alde batetik, azpiegitura aldetik, argitaletxeen ekoizpena dago. Jendeak askotan ez daki, baina idazleok ez ditugu poemak idatzi eta berehala argitaratzen. Prozesu bat egon ohi da kaleratu aurretik. Bestetik, poema hauek nahikoa biografikoak zirenez, hausnartzeko denbora bat behar nuen: aparte ikusi eta berriro irakurri. Azken urteetan konturatu naiz ez zirela horren gogorrak, ezta tristeak ere. Horrexegatik, argitaratzeko baimena eman nuen. Azken finean, liburua aitorpen hutsa da: biluzik agertzen naiz. Nahiz eta katuaren aitzakia erabili, berehala antzematen da non dagoen poeta, non dagoen gizona, non dagoen maitasuna eta zer gertatzen den bikote haremanean. Izan ere, tirabirak daude, baina gauza politak ere bai. Desamodioak amildegi batera eramaten zaitu, eta hortik ateratzeko eragingarri bat behar duzu. Beraz, denbora tarte baten ondoren, idatzitakoa gainbegiratu nahi nuen, asko sufritu bainuen. Liburukoak oso poema pertsonalak dira.
Liburu intimoa da, arrasto biografikoekin. Idazte prozesua terapia moduko zerbait izan al da?
Egia esan, hala izan da. Hainbat poesia liburu argitaratu dut, eta nire hasieretan, gazteagoa nintzenean, terapia gisa erabiltzen nuen poesia. Gerora, literaturarekin jarraitu nuen, eta beste gauza batzuk ere badirela konturatu nintzen. Terapia irakurlearen esparrua dela pentsatzen duzu orduan. Baina, bestela ere bada. Liburu hau terapia handia izan da niretzat, askatasun handia eman baitit. Erokeriaren bat egin beharrean, nire isiltasunean idazten jarraitu nuen, eta horrek eman zidan behar nuen oreka eta samurtasuna. Azken finean, poema oso samurrak dira eta egoera hartan horren beharra sentitzen nuen.
Honakoa zure 11. poesia liburua da. Idazle bezala, zer-nolako garapena izan du zure idazteko moduak?
Asko ikasi dut, eta nire idazkera aldatuz joan da. Hasieran oso inozoa nintzen, eta oso gaztea nintzenez, nire hasierako liburuak erradikalak ziren. Estreinako poemategia guztiz punk-a izan zen. Gazteak terrorista poetikoa izan behar du, eta gure garaian ere horrela zen, poesia urbanoa jorratzen baikenuen. Denborarekin norbere ahotsa orekatu egiten da, eta klasizismo batera iristen zara. Irakurleak ikusi behar du zure idatzietan atzealde literario bat dagoela, pentsamendu bat dagoela: norbere bizitzaren ondorioak islatzen dituen ahots heldu bat. Nik pentsatzen dut hor nabilela, ahots heldu horrekin gauza bereziak eta ezberdinak sortzen.