Bihar amaituko da Bigarren Eskuko Azokan postua eskatzeko epea

Urola Kostako Hitza 2011ko abenduaren 8a

Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroak, Udalaren ekimenez, Zumaian eskuz esku Bigarren Eskuko Azoka antolatu du hirugarren urtez jarraian. Larunbatean izango da azoka, Alondegian. Goizean 10:00etan irekiko dituzte postuak, eta 14:00etara bitartean izango dira zabalik. Arratsaldez, berriz, 17:00ak eta 20:00ak bitartean izango da bigarren eskuko produktuak erosteko aukera. Bertan askotariko produktuak saldu ahalko dituzte elkarteek zein ikastetxeek, kontsumo arduratsuagoaren eta jasangarritasunaren alde. Norbanakoek ere etxeko produktuak saldu edo doan emateko aukera izango dute larunbateko azokan. Interesa dutenek bihar bitartean eskatu ahalko dute postua, Algorrira bertara deituta, 943-14 31 00 telefono zenbakira, edota algorri@zumaia.net helbidera mezua bidalita. Mugikorrik ez Aurten, berrikuntza gisa, elkarteek, ikastetxeek zein herritarrek eurek hartu ahalko dute postuaren arreta. Ekimenaren arrakasta eta jasotako eskaerak ikusita, aurten antolatzaileek hala eskatzen duten pertsonei edo elkarteei salmenta postua zaintzeko aukera ematea erabaiki dute. Gainerako produktuak, aldiz, antolatzaileek eurek salduko ditu. Besteak beste, liburuak, CDak, filmak, jostailuak, etxe tresna elektrikoak, altzariak eta bestelako elementuak saltzeko aukera izango da bigarren eskuko azokan, guztiak egoera onean eta aurrez erabilita baldin badaude. Ez dituzte onartuko, ordea, arropak, zapatak edota telefono mugikorrak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraingoz 700 bat produktu bildu dituzte larunbatean saltzeko eta Zero Zabor elkarteak postua jarriko du, besteak beste. Saltzaileek jarriko dute produktu bakoitzaren prezioa, eta lortutako irabaziak %100 eurentzat izango dira. Saltzen ez diren elementuak etxera bueltan eraman ahalko dituzte parte-hartzaileek, edota doan eman. Kasu horretan, beharrean dauden pertsonei banatuko dizkiete aipatu produktuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide