Arkupe Merkatarien Elkarteak ohar baten bidez eman du sententziaren berri, eta Orioko Udalak baieztatu egin du Espainiako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin dituela Orioko arau ordezkatzaileak.
Hona hemen Arkupe Merkatarien Elkarteak bidalitako oharra:
Arkupe Merkatarien Elkarteak azaldu izan du, Muntoko zonaldeko futbol-softbol zelai azpiko aparkalekuen gaiari dagokionez, irregulartasun batzuk antzeman dituela aurreko Udalen kudeaketan. Kontuan izanik elkarteak eta bere partaideek Orioren garapena nahi dutela, askotan eskatu izan du aparkalekuak, oriotarren eta bisitarien onerako, publikoak izatea, ez halabeharrez, doakoak. Aparkaleku batzuen ezarpena, beste mugikortasun aukerarik ez dagoenean, edozein herriren garapen komertzial eta turistikoaren parte izan behar dela iruditzen zaigu. Arau Subsidiarioak (Munto Plana barneratzen dutenak) 2008ko urriaren 15ean ezeztatuak izan ziren Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiaren bidez, eta Orioko Udalak segituan Madrilgo Auzitegi Gorenean errekurritu zuen. 2011ko azaroaren 4an aldiz, Auzitegi Gorenak arrazoia Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiari eman dio, beraz, Orioko Udal Planeamenduko Arau Subsidiario hauek ezeztatuta geratu dira. Udal berriari zera eskatzen diogu: egoera argitzeko, eta xehetasunez kaltetuak informatzeko, eta hemendik aurrera, irregulartasunik ez gauzatzeko.