«Beste maila bateko saria da honakoa; oso gustura nago»

Urola Kostako Hitza 2011ko abenduaren 7a

Aurten hirugarren aldiz aurkeztu da Jon Joseba Aizpurua (Zestoa, 1967) Julene Azpeitia Ipuin Lehiaketara. Bi aldiz jaso du zumaiar onenaren saria, eta aurtengoa, beste maila bateko aitormena dela nabarmendu du. Horregatik, «oso gustura» dago Zumaian bizi den zestoarra. Nola jaso duzu saria? Espero al zenuen? Oso gustura nago. Egia esan, ez nuen inondik inora espero halakorik. Zumaiar onenaren sarirako aurkeztu nuen ipuina, baina bigarren saria eskuratzea are garrantzitsuagoa da. Beste maila bateko saria da honakoa; izan ere, hogeita lau lanen artean bigarren postua eskuratzea ohorea da niretzat. Hiru aldiz aurkeztu zara lehiaketa honetara eta behin baino gehiagotan irabazi duzu zumaiar onenaren saria. Aurten esfortzu berezia egin al duzu bigarren saria eskuratzeko ? Ez dut esfortzu berezirik egin, egia esan; urtero saiatzen naiz. Aurten, ordea, asmatu egin dudala uste dut. Aurreneko urtean baino esperientzia gehiago dut, ordutik asko idatzi dut, eta zentzu batean, ikasi egin dut. Lastur, arima galdua du izenburu ipuinak. Nor da Lastur? Zergatik da arima galdua? Taberna batean hasten da ipuina. Bertan bada gizon bat, baina inork ez daki nor den. Lastur deitzen diote, baina inon ez da ageri herri horretakoa denik. Hitz gutxiko gizona da, misteriotsua. Bikote batek, trikimailu ezkutu baten bitartez, hilketa bat egotziko dio, eta zigortu egingo dute. Baina irakurleak espero ez duen bukaera du ipuinak. Azkenean, Lastur errugabea dela ikusiko dute, eta onik aterako da. Gizon ona dela konturatuko dira. Epaimahaiak gertutasuna eta gaurkotasuna fikzioarekin primeran uztartu dituzula dio. Zergatik uste duzu? Ipuinaren testuingurua ohikoa da, egoera arrunta da eta jende normala da protagonista. Hori erailketa batekin uztartu dut: horrek ematen dio fikzio puntua. Izan ere, heriotza bat ez da egunero gertatzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide