Jon Joseba Aizpuruak irabazi du Julene Azpeitia lehiaketako bigarren saria

Urola Kostako Hitza 2011ko abenduaren 7a

ç Jon Joseba Aizpuruak jaso du XVIV. Julene Azpeitia Ipuin Lehiaketako bigarren saria. Lasturko arima galdua lanagatik eman diote saria, eta «oso gustura» agertu da zumaiarra. Ana Urkiza, Yolanda Arrieta eta Imanol Azkue epaimahaikideek adierazi dutenez, Aizpuruak «egunerokotasuna eta gertutasuna fikziora eramateko abilezia» erakutsi du ipuinean. Era berean, «suspentsea ondo mantendu» eta «korapiloak ondo lotu» dituela gehitu dute, «erritmo bizia erakutsiz». Lehenengo saria, berriz, Yoseba Peñak eskuratu du, Pantera elurretan bezala ipuinagatik. Epaimahaikideen arabera, Peñak patriarkaren erorketa tarteko, familiaren erradiografia «ondo eraiki eta egituratu» du. Asier Arakistainek jaso du, berriz, zumaiar onenaren saria. Txalupa zaharra, ur egarri lanean «irakurlea pertsonaiekin berehala identifikatzen» dela adierazi du epaimahaiak. Lau zumaiar Guztira 24 lan aurkeztu dituzte ipuin lehiaketara, eta horietatik lau zumaiarrenak dira. Epaimahaiak aurten aurkeztutako lanek «maila ona» erakutsi dutela nabarmendu du, eta ez dela batetik bestera alde handiegirik egon: «Lanen kalitatea oso homogeneoa izan da». Horrez gain, lanetan «gaztetasuna» sumatu dutela-eta, «oso pozgarria» dela gaineratu dute. Pasa den ostegunean izan zen sari banaketa ekitaldia, Alondegian. Sariak eman ostean, Koldo Amestoik Biderditan kontakizuna eskaini zien bertaratu zirenei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide