Zuzendariari: 'Goazen euskaraz lan egitera!'

Urola Kostako Hitza 2011ko abenduaren 7a

Udalak ahalegin handia egin du, azken urteotan, euskararen erabilera areagotzeko udaletxe barruan eta, ondorioz, egoera asko aldatu da. Gaur egun, herritarrek ziurtatuta daukate euskarazko zerbitzua Orioko Udaleko departamentu guztietan eta, horrez gain, gero eta gehiago dira euskaraz lanean ari diren udal langileak. Zorionak eman nahi dizkiegu aldaketa hau urtez urte bultzatu duten gure aurreko politikariei eta, batez ere, udaleko langileei, bide hau egiteko erakutsi duten borondateagatik. Guk oraintxe hartu dugu Udalaren lema eta, hasiberriaren umiltasunez, herritarroi adierazi nahi dizuegu jarraipen egokia eman nahi diogula hasitako lan horri eta, idatzi honen bidez, zuekin konpartitu nahi ditugula gure gogoetak, agintaldiaren hasiera honetan. Garbi dago herritarren bultzadak ekarri gaituela gaur egungo egoera honetara: oriotarrok euskaraz bizi nahi dugu eta horrela erakusten dugu gure eguneroko jardunean. Udalari, herritarren ordezkari den aldetik, nahi horri erantzutea dagokio, zerbitzuak euskaraz emanez eta, batez ere, euskaraz lan eginez eta eredugarri jokatuz. Izan ere, euskararen erabileraren eredu garbia izatea dagokio Udalari eta, Orioren kasuan, euskarazko funtzionamendua bultzatzea esan nahi du horrek. Euskarak dituen arnasguneetako bat da Orio eta horrek, pozarekin batera, erantzukizun berezia dakarkigu: euskaraz eginez, guretzat ari gara batez ere; baina baita Euskal Herri osoarentzat ere. Euskaraz lan egitea dugu, hortaz, erronka eta bide horretan sakondu nahi dugu datozen lau urte hauetan; betiere, herritarren hizkuntz eskubideak zainduz. Udal departamentu askotan hala ari dira dagoeneko, normaltasun osoz; baina Udalari puska falta zaio oraindik guztiz euskaraz funtzionatzera iristeko. Udaleko langileak gai dira beren lana gure hizkuntzan egiteko eta, agintaldi honetan, zinegotzi guztiak ere euskaldunak gara. Aukera aparta daukagu alferrikako bikoiztasunak baztertu eta guztiz euskaraz funtzionatzeko. Egoki, egingarri eta praktikoa da. Egin dezagun! Udaleko Euskara Batzordea. Orio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide