Zarauzko Udalak bizi arteko kartzela zigorra baimentzen duen Parot doktrina atzera bota dezan eskatuko dio Espainiako Auzitegi Konstituzionalari. Hala, doktrina hori dela-eta, espetxean dauden presoak—tartean Joxe Mari Perez Diaz Txuri zarauztarra—berehala kaleratu ditzala eskatuko dio Espainiako Gobernuari eta Barne Ministerioko Espetxeetako Zuzendaritzari. Bilduk, Aralar-EBk eta EAJk aurkeztu zuten eskakizun horien inguruko mozioa, eta gehiengoz onartu zuen Udalbatzak. PPk ezezko botoa eman zion eta, PSE-EE, berriz, abstenitu egin zen.
«Ezarri zioten zigorraren legezkotasunean sartu gabe, epaiketa torturapean ateratako testigantzetan oinarritu baitzen, Txuri-k ezarritako zigorra aspaldi bete zuela iruditzen zaigu. Zigorra bete ostean ere, beste bi bider zigortu dute. Epaitegiek bere garaian jarritako epea bi aldiz gainditu du, alegia, Parot doktrina injustuan oinarritua», adierazi zuen Eider Illarramendi Bilduko zinegotziak. Hori dela-eta, Txuri-k «aspaldi kalean» behar zuela gaineratu zuen: «Eta hori eskatzen dugu. Zarauztar hau kartzelan mantendu nahia mendeku hutsa dela iruditzen zaigu».
Illarramendik mozioa irakurri eta bozkatu aurretik, Txuri-ren arrebak haren ama Isidra Diazek idatzitako gutuna irakurri zuen. Zarauztarrak atxilotu zutenetik preso daramatzan 24 urteotan jasandakoa deskribatu zuen bertan: torturak, espetxe aldaketak eta horietan bizi izan duen egoera, besteak beste. Hala, semeari gertatzen ari zaiona «bidegabekeria handia» dela nabarmendu zuen Diazek gutunaren bitartez, eta haren askatasuna eskatu zuen.
Aurrekaria
Hurrengo udalbatzarretarako aurrekari bat zabaldu zuen Bilduk, Txuri-ren amaren gutunaren irakurketaren harira. Aurrerantzean herritarrek udalbatzarrera eramateko moduko mozioren bat aurkeztu nahi badute, mozio hori bere egingo du koalizioak; egun, herritarrek mozioa aurkezteko alderdi baten babesa behar dute. Hala ere, gerora mozioaren alde edo kontra bozka ahalko du Bilduk.