Zarauzko Udalbatzak 2012rako ordenantza fiskalak onartu ditu, gehiengoz. Bilduren eta Aralar-EBren aldeko botoekin onartu dituzte; PPk, PSE-EEk eta EAJk kontra bozkatu dute. Pasa den asteazkenean egin zuten Osoko Bilkura.
PPko bozeramaile Rafa Olaizolak ordenantzek jasotako «ia puntu guztiekin» ados dagoela adierazi zuen, KPI-ren aldaketa irizpidetzat hartuta finkatu baitira 2012rako zergak eta tasak. Hala ere, zaborraren gaineko zerga %20 igotzea «gehiegizkoa» dela nabarmendu zuen, eta beraz, aurkako botoa eman zuen. PSE-EEko eta EAJko bozeramaileek, Patxi Elolak eta Imanol Lasak, ordenantza fiskalen lehenengo onespenean aldaketak egiteko eskatu zutela gogoratu zuten asteazkeneko saioan. «Lehendik ere aurkeztutako ordenantza fiskalen aurka bozkatu genuen. Aldaketak egiteko eskatu genuen, eta egin badira ere, gutxiegi direla deritzogu», azaldu zuen Elolak.
Aldaketok «nahikoak ez» direla errepikatu zuen Lasak: «Negoziatzeko borondaterik ez duzue erakutsi. Bizi dugun testuinguru ekonomikoa kontuan izanda, aldaketa asko egin beharra dago ordenantzetan».
Boto partikularra
Aralar-EBk boto partikularra eskatu zuen 2012rako ordenantza fiskalen baitako puntu batean. Uraren, zaborraren eta estolderiaren gaineko zergei dagokionez, hobari eredu berria proposatu zuen koalizioak, «krisi garaian ahulenak babeste aldera». Zergok herritarren errentaren arabera kobratu beharko liratezkeela esan zuen Aralar-EBko bozeramaile Andoni Ibargurenek, «gutxien dutenek gutxiago ordain dezaten». Ildo horretatik, gutxieneko pentsioa jasotzen dutenak eta alargunak, esaterako, salbuetsiak egongo liratezke.
PSE-EE, PP eta EAJ udal taldeek bat egin zuten Ibargurenen proposamenarekin. Bildu, berriz, abstenitu egin zen, eta PPk kontra bozkatu zuen. Boto partikularra onartuta, 2012rako ordenantza fiskalak bozkatu eta onartu zituzten udal ordezkariek.