Arraunean ikasteko, arrauna ezagutzeko

Zarauzko Hitza 2011ko abenduaren 7a

EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean irakasle da Luis Mari Zulaika zarauztarra. Bertan, Gasteizko urtegian, arraunaren irakasgaia ematen die ikasleei. Hain zuzen ere, ikasle horientzat material didaktikorik apenas zegoela-eta, hutsune hori betetzeko beharra ikusi zuen: «Materiala lantzen hasi ahala, gaia sakondu eta liburu bat osatu nezakeela bururatu zitzaidan». Gauza batek bestea ekarri zuen, eta, orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Tostako arrauna. Irakaskuntzarako baliabideak liburua eman du argitara. Liburuak bi atal edo kapitulu ditu, eta atal bakoitzak helburu jakin bat bilatzen du. Lehenak Arrauna. Ezaugarri orokorrak izenburua darama, eta izaera dibulgatiboa du: «Arrauna barrutik hobeto ezagutzeko aukera ematen diot irakurleari». Publiko zabalari zuzenduta dago; hau da, edozein arraunzalerentzat edo kirol honetara hurbildu nahi duen edozeinentzat aproposa da. Ezaugarri orokorren baitan, arraunaren jatorria eta testuinguru historikoa, ontzien inguruko xehetasunak, arraun hiztegia, araudia eta estropada eremuari buruzko datu jakingarriak. Bigarren atala Arrauna. Bere didaktika da, eta irakaskuntzara zuzenduta dago bete-betean. Nolabait esateko, arraunlari hasiberriei edo gazteei erakusten aritzen direnentzako material lagungarria sortu du Zulaikak. «Arraunketa teknikak zer-nolako ezaugarriak dituen jaso ditut hemen», dio egileak. Edonola ere, «entrenatzaile bakoitzak bere metodoa du, ez baitago arraunketa mota bakarra. Arraunlari taldearen ezaugarrien arabera, estrategia modu batera edo bestera moldatzen du entrenatzaileak. Ez da berdin [...]


EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultatean irakasle da Luis Mari Zulaika zarauztarra. Bertan, Gasteizko urtegian, arraunaren irakasgaia ematen die ikasleei. Hain zuzen ere, ikasle horientzat material didaktikorik apenas zegoela-eta, hutsune hori betetzeko beharra ikusi zuen: «Materiala lantzen hasi ahala, gaia sakondu eta liburu bat osatu nezakeela bururatu zitzaidan». Gauza batek bestea ekarri zuen, eta, orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, Tostako arrauna. Irakaskuntzarako baliabideak liburua eman du argitara.
Liburuak bi atal edo kapitulu ditu, eta atal bakoitzak helburu jakin bat bilatzen du. Lehenak Arrauna. Ezaugarri orokorrak izenburua darama, eta izaera dibulgatiboa du: «Arrauna barrutik hobeto ezagutzeko aukera ematen diot irakurleari». Publiko zabalari zuzenduta dago; hau da, edozein arraunzalerentzat edo kirol honetara hurbildu nahi duen edozeinentzat aproposa da. Ezaugarri orokorren baitan, arraunaren jatorria eta testuinguru historikoa, ontzien inguruko xehetasunak, arraun hiztegia, araudia eta estropada eremuari buruzko datu jakingarriak.
Bigarren atala Arrauna. Bere didaktika da, eta irakaskuntzara zuzenduta dago bete-betean. Nolabait esateko, arraunlari hasiberriei edo gazteei erakusten aritzen direnentzako material lagungarria sortu du Zulaikak. «Arraunketa teknikak zer-nolako ezaugarriak dituen jaso ditut hemen», dio egileak. Edonola ere, «entrenatzaile bakoitzak bere metodoa du, ez baitago arraunketa mota bakarra. Arraunlari taldearen ezaugarrien arabera, estrategia modu batera edo bestera moldatzen du entrenatzaileak. Ez da berdin arraunlari handiak izatea edo arraunlari txikiak izatea. Dena den, ikasterako garaian egokiena litzateken teknika planteatu dut; arraunketa mota estandarra, hain zuzen ere. Errendimendurako, ordea, entrenatzaile bakoitzak bere ikuspegia du, eta horretan ni ez naiz sartu».
Teknika-akatsei arreta
Teknikarekin batera, ikasterakoan egiten diren teknika-akatsei arreta berezia jarri die: «Oker horiek aldez aurretik antzemanda aurkezten ditut. Zenbait akats nahikoa arrauntak dira ikaste prozesuan, eta, beraz, entrenatzaileei zer gerta daitekeen eta nola egin diezaieken aurre azaltzen diet». Era berean, entrenamendu saioetan lagungarri izan daitezken ariketa batzuk aurkezten ditu. Pedagogian doktorea eta kirol psikologian aditua izanda, ikuspuntu hori ere txertatu nahi izan du Zulaikak bere liburuan: «Psikologiak irakaskuntza prozesuan hainbat ekarpen egin du, baina arraunean irakasten aritzen direnek horren berririk ez dute. Orduan, psikologoek idatzitakoa ahal den neurrian aplikatzen saiatu naiz, arraunerako ere baliagarriak izan daitezkelakoan». Bide batez, gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako baliagarria izan daiteken unitate didaktikoa ere proposatzen du.
Testuak hein handi batean arraunlari eta gazteen entrenatzaile gisa izandako bizipenetan oinarrituta idatzi ditu, eta liburua ilustratzen duten argazkiak Hodei Estebanek ateratakoak dira: Orio, Getaria eta Zarauzko paisaiak ikus daitezke, eta modelo gisa Zarauzko Arraun Elkarteko arraunlariak aritu dira. Argitalpena arraun elkarteetan banatuko dute, eta liburu azoketan ere jarriko dute salgai, 3 eurotan; Durangoko Azokan, kasu. Gerora, liburuaren pdf-a Aldundiaren kirol webgunean ere eskegiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide