Larunbatean, abenduaren 3an, banatu ziren 18. Euskaraz Gazte literatur lehiaketaren sariak. Iaz baino parte-hartzaile gehiago izan dira aurten eta epaimahaikideen ustez lanen mailak gora egin du. Ana Gonzalez de Txabarri Karkarako zuzendariak, Eli Lasa Aiako Udaleko kultur teknikariak eta Jabier Zabaleta Orioko Udaleko euskara teknikariak osatu zuten epaimahaia. Jon Agirresarobe Orioko Udaleko zinegotzia ere bertan izan zen sariak banatzen.
Ipuinen sailean, lehen saria Oroitzapenen paperak lanak irabazi du, Iñaki Iturainek idatzia. Lana oriotar batzuen benetako bizipenetan oinarrituta dago eta epaimahaiaren esanetan egileak ahalegina egin du bere ohiko konta moldeetatik aldentzeko eta, kasu honetan, epaimahaiaren iritziz, kontakizunaren mesedetan gertatu da.
Bigarren saria Libe Larrarterentzat izan da, Mona Beadle lanarengatik; hirugarrena Garazi Urretabizkaiak eraman du 8:45 ipuinarekin eta accesita Mirari Arriolak irabazi du Baina zein uda bakarra lanarekin.
Olerkietan, Joxe Mari Lertxundik irabazi du lehen saria. Behi gizenak eta behi argalak neurri berezian eginiko bertso sorta izan da Joxe Marik saria irabazteko idatzi duena. Krisiaren gainean idatzitako bertsoak dira. Bigarren saria, Ilusioaren kolorea lanari eman zaio eta Garazi Urretabizkaia izan da egilea. Hirugarren saria, Iker Gurrutxagak idatzitako Sentimenduez bertso sortari eman diote, eta accesit bana jaso dute Idoia Etxabek Bihotzetik behatzetara hunkitu lanarengatik eta Goiuri Unanuek Kontrola olerkiarengatik.
Sari banaketaren atzetik urteroko hamaiketakoa egin zuten ekitaldian izan zirenek. Bukatzeko, aipatu, ohikoa denez, Karkaran argitaratuko direla sarituak izan diren lanak.