Dena prest abenduaren 5eko txupinazorako

Karkara.eus 2011ko abenduaren 2a

Luis Gozategi Karraballok botako du su-ziria

Azaroaren 23an egin zen danborradako lehen entsegua. Geroztik beste hiru egin dituzte. Sanpedrotan bezala, jendetsua izango da San Nikolas bezperako danbor eta barrika ilara. Oraingoan, ordea, adin askot...

Luis Gozategi Karraballok botako du su-ziria

Azaroaren 23an egin zen danborradako lehen entsegua. Geroztik beste hiru egin dituzte. Sanpedrotan bezala, jendetsua izango da San Nikolas bezperako danbor eta barrika ilara. Oraingoan, ordea, adin askotako jendea elkarrekin ikusiko dugu. Bertan dira, esaterako, esperientzia eskolako zortzi ikasle, adinean aurrera doazen koadrilak ere animatu dira. Beti bezala, gazteak izango dira kopuruz ugarienak. Abenduaren 3an izango da azken entsegua. 


Herritarrez osatutako txaranga izango da kalez kale danbor-joleak lagunduko dituena. Plazan, San Nikolas martxa, Orioko ereserkia eta Balearen kanta jotzeko, Danbolin musika eskolako banda ondoan izango dute. Ez dira bakarrak izango, ordea, Orioko Udalak eta festa batzordeak Salatxo abesbatza eta Harribil dantza taldea ere gonbidatu ditu txupinazora. Txalapartariek egingo dute festarako deia, eta hogei minutu iraungo du bandera-altxatze ekitaldiak. Ondoren, kalez kale jarraituko du festak. 


Luis Gozategi Karraballori omenaldia egingo dio Udalak, udaletxeko lehen pisutik su-ziria bota eta ondoren, ondo merezitako oroigarria emango dio Beñat Solaberrieta alkateak.


Txupinazo ondorengo otordua

Txupinazoa botata, danborrada kalez kale ibiliko da afalordura arte. Parte-hartzaile guztiek, herriko plazan afalduko dute. Baina herritarrek ere izango dute aukera. Menua azkarra eta arina izango da, zutik jatekoa: oilasko izter, piper eta txanpinoi errazioa 3 eurotan eskainiko da. Hirurehun errazio prestatuko dira guztira, hori da gehienezko kopurua. Alkartetxeak prestatuko du afaria. Txartelak egunean bertan hartu behar dira horretarako propio plazan bertan jarriko den mahaian. 

Festazale eta antolatzaile sutsua

Luis Gozategi Karraballok botako du aurtengo sanikolas festetako txupinazoa. Kirol merituei edo ibilbide luzeko elkarteei eman izan zaie aukera orain arte. Aurten, ordea, festa batzordeak eta Udaleko alderdiak bat etorri dira Luisen hautaketan. Herriko festen antolaketan, Dikeko festen antolaketan, Balearen egunean eta beste mila saltsatan ikusi izan dugu Luis umil-umil eta debaldeko lanean. 66 urte ditu gaur egun Luis Gozategi Karraballok eta ez du festarako eta lanerako umorerik galdu.

2011 Luis Gozategi Karraballo

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide