Bazkide kanpaina berezia egingo du sanikolasetan Orio Arraunketa Elkarteak

Karkara.eus 2011ko abenduaren 2a

"Hemen Gatoztik!" lelopean plazan izango dira egunero bazkide berriak hartzeko

Orio Arraunketa Elkarteak zuzendaritza berria aurkezteaz gain, bazkide kanpaina berri baten berri eman du udaletxean egindako prentsaurrekoan. Ibon Huegun presidenteak har...

"Hemen Gatoztik!" lelopean plazan izango dira egunero bazkide berriak hartzeko

Orio Arraunketa Elkarteak zuzendaritza berria aurkezteaz gain, bazkide kanpaina berri baten berri eman du udaletxean egindako prentsaurrekoan. Ibon Huegun presidenteak hartu du hitza lehenengo eta zuzendaritza berriaren filosofia eta lan ildoak jendaurrean azaltzeko. 19 laguneko lantalde moderno, gazte, anitz eta dinamikoa gara. Kudeaketa serio eta profesionala egitera gatoz bakoitzak dituen indarguneak baliatuz, esan du Huegunek eta Orio Arraunketa Elkartea lehen mailara bueltatzen saiatuko direla. Horretarako ilusioz datozela esan du eta ilusio hori herritarrei helarazi nahi diotela; lanari beldurrik ez diotela; kudeaketarako herriko hainbat esparrutako jende anitzak osatutako zuzendaritza dutela; harrobia izango dela Orio lehen mailara igo dezakeen lehengaia eta dirua traineru bakarrera bideratu ordez, Orio Arraunketa Elkartea osatzen duten arraunlari guztietara zabaldu behar dela; anbizioz arituko direla, baina umiltasunez eta harrokeriarik gabe.

Kirol erronkak

Ondoren, Ibon Makazaga entrenatzaile berria kirol erronkei buruz aritu da. Esan du senior mailan traineruak markatuko duela helburu nagusia: Gure helburua izan behar da goi mailan ibiltzea ARC ligan eta  igoerako Play offerako bi txarteletako bat lortzea eta horretarako 4-5 trainerurekin egin beharko dugu borroka. Baina traineruaz gain aulki mugikorrean edo tostako beste ontzien arloan aritu beharra ere aipatu du. Badakigu estropada guztietara %100ean ezin dela joan, baina estropada non Orio han izango da. Arraunlariei buruz aipatu du 50 lagun hasi direla entrenatzen eta iaztik bi baja baino ez dituztela eta arraunlari berriak ere badituztela: jubeniletatik seniorretara pasa direnak; senior mailan beren burua probatzera azaldu direnak; eta arraun giroan ezagunak, beste klubetatik etorriak eta aurretik Orion ibilitakoak gehienak: Migel Angel Millares, Mikel Portularrume, Igor Makazaga bera, Asier Carballeda, Arkaitz Goñi, Txato Bereziartua eta Unai Amenabar. Plantillan arraunlari bakarra estreinatuko da Orioko klubean eta iazko jendearen jarraipenak emango dio oinarria eta zentzua lanari ez baikatoz ezer aldatzera baizik eta dagoenari eutsi eta ahal den neurrian aurrerapausoak ematera.

Bazkide kanpaina

Azkenik, Jose Luis Loidi presidenteordeak, Arraunketa Elkartetik egingo duten bazkide kanpainaren berri eman du. 1.400 bazkide dauzkagu eta gauden egoera ekonomikoan zaila dela jakin arren, 2.000 lortzera heldu nahi dugu. Oriokoak, Oriotik kanpokoak, jakin baitakigu Oriotik kanpo jende hori asko dagoela, animatzen gaituztenak… Beraz, horiei esan nahi diegu bazkide izatea dela guri laguntzeko modua.

Bazkide kanpainarako etxeetara banatu duten orriaz gain, San Nikolas festetan, goiz eta arratsaldez plazan izango dira elkarteko kideak bazkide izan nahi duten horiek hartzeko eta hauen datuak jasotzeko. 

Ibon Huegun presidenteak kanpainari jarri dioten leloaren berri ere eman du: Hemen gatoztik! da leloa. Hori zen Orion aspaldian zegoen traineru baten izena, herrian ilusioa pizten zuen trainerua eta oriotarrez osatua, anbizio handikoa, Beraz, balore horiek berreskuratu nahi ditugu eta horretarako oriotarrak eta Oriotik kanpoko Orio zaleak nahi ditugu bidelagun.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide