
Aktore gazteak eta iniziatiba handikoak. Halakoak dira Iñigo Antsorregi azkoitiarra eta Ander Azurmendi donostiarra. Horren erakusle izango da bikoteak gaur arratsaldean estreinatuko duen Irakasleak antzezlana; 19:30etik aurrera izango da ikusgai, Zestoako kultur etxean (gaztetxe azpian). Antsorregi gidoiak, antzerki lanak eta bakarrizketak idazten aritzen da, eta duela sei hilabete inguru taularatzear duten istorioa idatzi zuen. Zestoko lagun baten bidez, antzezlan bat egiteko proposamena jaso zuen, eta antzezlan berria aurkezteko baliatuko du aukera.
Hasieran Azkoitiko lagun batekin antzezteko asmoa zuen Antsorregik, baina hark beste konpromiso batzuk zituela eta, Azurmendirekin ekin dio abenturari. Donostiako Arte Eszenikoen Tallerreko ikasleak dira bi aktoreak, eta duela hilabete eta erditik ari dira buru-belarri antzezlana prestatzen. «Orain, estreinatzeko gogoz gaude», onartu du egileak.
Irakasleak parodia da.
Azurmendi Lehen Hezkuntzako tutorea da, eta guztiz estresaturik bizi da, azterketak zuzendu eta zuzendu. Antsorregi, aitzitik, soinketako irakaslea da, eta tutoreak baino patxada handiagorekin hartzen du lanbidea. «Lehenengoak bere pena guztiak kontatuko ditu, eta bigarrena, berriz, bere kasara ibiliko da. Horrekin batera, lehengo eta oraingo irakaskuntza alderatu nahi izan dute. Betiere, umorearekin eta ironia ukituarekin azalduta», nabarmendu du.
Bakarrizketa batekin hasten da antzezlana. Bakarrizketa hori Antsorregi berak egingo du, eta familia bazkarien inguruko gorabehera guztiak jarriko ditu mahai gainean. «Antzeztuko dudan pertsonaiaren aurkezpen moduko zerbait da. Ikusleak jakin dezan nolakoa den». Jarraian, irakasleen istorioan murgilduko dira bete-betean bi aktoreak.
Umorea bidaide
Umorearen bidetik joko du Irakasleak antzezlanak. Jendea erakartzeko ez ezik, antzezteko ere errazagoa dela iritzi dio Antsorregik. «Gure nahia jendea antzezlana ikustera etortzea da, eta bi antzerki ikasleren lehen pausoak ikustea eta baloratzea. Baina, zalantzarik gabe, gurekin ondo pasatzea», dio Antsorregik.
Dena dela, Irakasleak ez da idatzi duen lehen antzezlana, baina «hau da niretzako garrantzitsuena; erronkarik handiena, alegia». Orain artekoei ez zien jarraikortasunik eman. «Kasu honetan, ordea, bidea urratu nahi dugu gaztetxez gaztetxe. Zestoan estreinatu eta astebetera, Azkoitian ariko gara. Aurrerantzean, gainera, gaztetxeekin hitz egitekoak gara, antzezlana handik eta hemendik zabaltzeko».
Oraingoz, gaztetxeak izango dituzte agertoki nagusi. «Antzoki batean taularatzea ongi egongo litzateke, noski. Baina, printzipioz, nahikoa dugu areto txikietatik hastea, oraindik ikasleak baikara. Pausoz pauso egin nahi dugu bidea», dio zuhurtzia osoz.